Hasi da Gasteizen Kontzertu Handien XI. zikloa. Aurreko urteetan bezala, izen ospetsu eta kalitatezkoak izango ditugu bost saiotan, nahiz eta esan dezakegun, egitaraua ikusita, aurtengoa agian aurrekontu txikiagokoa dela. Bestalde, zikloaren kudeaketa promotore baten eskuetan geratu da eta desberdintasunak ikusten dira, adibidez eskuko programa askoz pobreagoetan.
Baina goazen musika aztertzera. Aldi honetan, antzinako musikan espezializatuta dagoen talde bat izan dugu, Forma Antiqua eta kontratenor onenetako bat, Carlos Mena gasteiztarra. Bai taldeak, bai abeslariak errekonozimendu handia dute mundu osoan, eta Principal Antzokian emandako errezitaldian erakutsi zuten ospe hori merezia dela. Kontrastedun egitaraua eskaini zuten. Alde batetik, Bachen soiltasuna, eta, bestetik, Vivaldiren eta Händelen musikaltasun fresko eta bizia. Bigarren honetan sentitu genituen artistak erosoago, à l’aise’
Saioa hasteko, Bachen Concerto for oboe d’amore entzun genuen. Jatorrizko tresnez osatutako taldeak sonoritate eder eta orekatua lortu zuen. Bestalde, oboe bakarlariak abileziaz proiektatu zuen bere antzinako instrumentuaren soinu txiki baina beroa. Jarraian Ich habe genug (Nahikoa daukat) kantata sentitua disfrutatu genuen. Carlos Menak jakinduriaz erabili zuen bere tinbre bereziko ahotsa, primeran modulatuz uneoro.
Bigarren zatian beste mundu musikal batean murgildu ginen. Bachen barroko protestanteak ez du zerikusirik Vivaldiren Venezia katoliko eta haragitsuarekin. Händelen Concerto grosso 10 obra sarrera aproposa zen Vivaldiren kantata eta salmoentzat. Concertoa, lan dinamikoa, suite frantziar baten antza duena, taxuz interpretatu zuen Aarón Zapicok zuzentzen duen taldeak, doitasunez. Baina plater ederrenak Vivaldiren lanak izan ziren. Konpositore honen Cantata Cessate, omai cessateren bizitasuna primeran iritsi zitzaigun, batez ere Menaren abesteko modu eta fraseaketa freskoari esker. Gauza bera esan dezakegu Salmo 106 Nisi Dominus obrari buruz. Bertsio distiratsua eta orekatua egin zuten. Propina gisa, Antonio Caldararen Magdalena Kristoren oinetan kantaren zati bat interpretatu zuten. Gozagarria.
Forma Antiqva Taldea
Zuzendaria: Aarón Zapico
Bakarlaria: Carlos Mena (kontratenorra)
Bach, Händel eta Vivaldiren obrak.
Gasteizko Principal Antzokia. Otsailaren 2a.