1
Aritzen nintzen garaian
administrari lanetan
txin-txin hotsa zen nagusi
nire galtza barrenetan.
Orain denbora orrazten
tematzen naiz gehienetan:
Erreka erreka al da
urik ez dakarrenetan?
Igandeak zer egiten
ote du astelehenetan?
ta antzeko esaldiak
idazten ditut trenetan...
Denok ez dugu koadratzen
mundu borobil honetan.
2
Murrizketa izeneko
trumoien eta tximisten
denboraleari zeinek
ez dio grifoa ixten?
Maiz pentsatzen dut “laguntzak
eman beharko ditizten”,
baina itxaropenari
ez zaio izarrik pizten.
BEZ-a ta zergak ez dira
soldaten neurrian jaisten,
hilabete bukaerei
luzexko diet irizten,
otsailean ere ez da
nahi ordurako iristen.
3
Zertara datoz hainbeste
itxura eta antzezte?
Zertara “gorantza goaz
ta lasai egon zaitezte”?
Gosea egarri bada,
euria eguzki eske,
heriotza jolasean
zilbor-hestez zilbor-heste...
Lepo gehiegik egiten
du bere buruaz beste,
bizirauteko sufritu
behar denean hainbeste,
perfektuak adizkiak
bakarrik izan daitezke.
4
Negua udazkenetik
ezin dugunez aldendu,
askoren egutegiak
ditu hamabi abendu;
zoriona biluzteko
sentimenduz sentimendu,
denbora gure nahieran
erabili ahal bagendu!
Joan denari burlaize,
datorrenari lausengu,
nahiz eta bihar-etziko
izpien miran gauden gu,
geroaren etorrera
orainak atzeratzen du.
5
Hipotekak ainguratu
gintuen hondo-hondoan,
zorra kitatu ezinik
gabiltza urte mordoan;
bankuak ultimatum-a
eman zigunez lehengoan,
senarra, ni eta gure
seme-alabak gogoan
Stop Desahucios-ekoak
izan ditugu ondoan,
hilabeteko arnasa
lortu dugu oraingoan,
baina ez dakit hurrengorik
izango den hurrengoan.
6
Gaztetan iraultzailea
nintzen eta ze arraio!
Bidea dela borroka
idatzi nuen soraio;
krisiak iltzatutako
gurutzearen karraio,
gaur horma arraildu hari
begira egon natzaio.
Bezperan hilda ezin da
biharamunean jaio,
helmugetara heltzeko
egin arren hainbat saio,
biderik ez duenari
borroka gelditzen zaio.
7
Erasoak eraso ta
ofentsibak ofentsiba,
kalea da irabazi
beharreko lehen partida;
horregatik hurbildu naiz
gaur ere plaza erdira,
gorbatadunak aurrean,
kazetariak begira...
eskuak amorruari
eman nahi dio kabida,
urtetan pilatutako
mina gorpuzten ari da,
harriak ez du begirik,
begiak harritzen dira.
8
Hegoak iparrik gabe,
hegorik gabe iparra,
iragan urrun batean
izoztu zait irrifarra.
Gero ta lausoagoa
denez ostertzeko marra,
onena oheratzea
izango dut ttirri-ttarra.
Betozkit izar-uxoak,
betorkit ilunabarra!
Loa da ameslarion
euskarri sendo bakarra:
dena argi ikusteko
begiak itxi beharra.
Doinua: ETAren su-etenetik