argia.eus
INPRIMATU
Lekukoa Paristik Ortzaizera
Xabier Letona Biteri @xletona 2015eko uztailaren 16a

“POLIZIAK jendeei fisikoki eraso dien gisa berean, konponbide prozesuaren kontrako eraso zuzen baten gisa ulertzen dugu. Indarkeriak gauzak okertu besterik ez du egiten”, Antton Seychalen, Ortzaizen (Nafarroa Beherea) ETAren armagabetzearen aurka polizia frantsesak egindako operazioaren harira sortu den batzordeko kidearen esanak dira.

“Indarkeriak gauzak okertu besterik ez du egiten”. Zenbatetan entzun ote dugun, baina ETAri zuzendua: “Indarkeria ez da bidea”, “ez duzue euskal gizartea ordezkatzen”, “armak utziz gero, dena da posible”, “armak presoen truke”, “demokrazian dena lor daiteke”, “bukatu da borroka armatuaren garaia…”. Espainiar eskuin gogorrenetik eta ezker abertzaleraino entzun ohi dira halakoak, era guztietako politikarien ahotik aterata.

Bistan da ez zela egia esaten. Zendu berri den Javier Krahe  madrildarrak kantatzen zuen gisan, “hombre blanco hablar con lengua de serpiente”. Historia hor dago, jakina, ezabatu ezinik eta euskal gizartearen aurrean bakoitzak bere zamari eutsi beharko dio, baina jadanik ez du merezi ETAk galdutako trenez jardutea. Bada ordua euskal gizartea bakearen aurrean galtzen ari den trenez aritzeko.

Beste behin ere Iparraldeko lurretatik datorkigu ikasgaia:  Ortzaizeko herritarrek hartu dute Parisko Konferentzia humanitarioaren lekukoa eta oraingoan bai, duintasun eta erantzukizun osoz, Grazi Etxebeherek bi etakide babesteko keinua humanitario eta politikoa dela lau haizetara zabaldu du. Armak entregatu nahi zituzten bi etakide aterpetu eta laguntzeagatik atxilotu eta auzipetu dute Ortzaizeko erizain jubilatua.

Horren aurrean protesta egin zuten herritarrak jipoitu zituzten Frantziako segurtasun indarrek. Eta ondoren 600 herritarrek prentsaurrean deitu zuten manifestazioa datorren larunbaterako Donibane Garazin, gerrarekiko protestan eta bakea aldarri. Hori guztia ez Hernanin, Arrasaten, Errenterian, Bilboko Alde Zaharrean edo Iruñean, hori guztia Nafarroa Behereko 694 biztanleko herri batean izan da.

JOSU ERKOREKAREN ahotik erantzun zuen Eusko Jaurlaritzak: “ETAri ez zaio komeni eman beharreko urratsak atzeratzea”. Eta Mariano Rajoyk bezala, zera gaineratu zuen: armak entregatu eta desegin dadila lehenbailehen. Eta kito. Aieteko prozesuaren sinatzaile eta konponbide ordenatuaren EAJko ordezkariek behin eta berriro uzten dute irteera horren zama guztia ETA eta presoen gain. Armak entregatu, desegin eta iraganarekiko ikuspegi autokritikoa da orain arte jeltzaleek erakusten dituzten irteera ordenatuaren ikusmolde nagusiak.

Baina errealitateak bestelako egoerak ere erakusten ditu: Arnaldo Otegi eta Bateraguneko gainerako espetxeratuak ETAk borroka armatua alboratzeko prozesua bultzatzeagatik espetxeratu zituzten. Oso kritikatua izan zen euskal gizartearen gehiengoaren aldetik eta justiziaren aurkakotzat ikusi zen. Auzitegi Nazionalak ere iaz  deitu zituen deklaratzera ETAren armagabetzea laguntzen ari ziren Ram Manikkalingam, Ronnie Kasrils eta Chris Maccabe bitartekariak. Iñigo Urkullu lehendakaria eta Jonan Fernandez Madrilen izan ziren haiei sostengua adierazteko. ETAren armagabetzea laguntzen ari ziren, orain Etxebeherek egin duen moduan. Ulergarria da EAJk ETAri armagabetzea eta desegitea eskatzea, hori da beti egin duena; ulergarria ez dena da Madrileko etengabeko jarrera erasotzailearen aurrean horren isilik agertzea, eta irteera ordenatua ETAren aldebakarreko mugimenduekin parekatzea.

IRUÑEAN ere hainbat duintasun esparru berreskuratu dira sanferminetan, ez bakarrik ikurrina udaletxean izan delako, batez ere haren karietara inongo jipoirik eta atxiloketarik egon ez delako eta legezko biolentziarik gabe ere dena hobeto doala erakutsi delako.

Zigor bakarra Joseba Asiron alkateak berak jaso zuen uztailaren 7an, itzaleko txistuen ozenak zezen plaza hartu zuenean. Eguzkitik Yolanda Barcinari txistu egiten zitzaionean, festak ez politizatzeko ziotenen txistuak ziren oraingoak. Ikurrinaren inposaketarekin ere Iruñeko udala politizatzen ari zela aipatu zuten gisan; egoitza publiko ziztrinenetik ere Iruñean egunero lau haizetara zintzilik diren Espainiako dozenaka bandera horiek neutroak bailiran.