Doinua: Anderia gorarik.
1
Zer hizkuntza, zer
arropa daramatzagu?
“Euskal”-ek nongo
nortasun agiria du?
Identitate
krisi bat ote daukagu?
Gu bagara nor
baina nor ote gara gu?
2
Nola ikusten
ote dugu ari dena?
Exotikoa,
gutxitua, indigena…
euskal kulturak
zein ote du abizena?
Guk hautatua
edo jarri zigutena?
3
Bertsoa, Rapa,
ahots fin edo lodia;
Etxeparek zein
luke gaurko melodia?
Harria edo
haria da memoria?
Nola kontatzen
dugu gure historia?
4
Batzutan eten
eta besteetan jarraitu:
Zer hasi dugu
eta zerekin amaitu?
Kulturak beti
performance itxura baitu
egiten dugun
horrek zer egiten gaitu?
5
Euskal kulturak
zein ote du hiriburu?
Nork ezkutatzen
eta ikusten gaitu gu?
Gure ekintza
eta gure testuinguru;
egiten dugun
hau nondik egiten dugu?
6
Noizbait leihoak
zabaltzeko ametsean
gu ote gara
nagusi gure etxean?
Ba al da kultur
sistema aldrebesean
ertzik zentroan
eta zentrorik ertzean?
7
Zein pausu eman
dira gure enparantzan?
Zertan gabiltza
seguru edo zalantzan:
gu ekinean
edo besteen esperantzan?
Nori helduta
ibili nahi dugu dantzan?
8
Besteenak ote
dira gure metodoak?
Bafletik dio
idazlearen gogoak:
ez ote gara
gu, ameslari zoroak,
Cervantes izan
nahiko genukeen moroak?
9
Zer ote gara
behe-lainotako “euskal”-ak:
txiki bat edo
bi handiren sukurtsalak?
Muga estuak
dauzkanez mundu zabalak
mundu guztiak
al dira unibertsalak?
10
Gu zenbat gara:
bi milioi edo bost mila?
Zer gara jende
umildu edo umila?
Ziklo berrian
norantza doa gurpila?
Erantzun edo
galdera zuzenen bila?