Antza, munduan 7.102 hizkuntza ditugu bizirik egun. Haietako 23 dira nagusi 4.100 milioi hiztunen artean, biztanleriaren ia %60 izanik. Halaxe dio South China Morning Post egunkarian karrikaratutako infografia batek (ttiki.com/340111). Irudikapen informatikoa erabiliz, zirkulu batean munduko mintzaira guztiak ditugu, eskualdeak eta hiztunen multzoak sailkatu ondoren.
Munduko mintzairak? Mapamundi honetan euskaldunok ez dugu gure hizkuntza bilatu behar, gure kontaketa ñimiñoa agertzen ez delako. Huts bat baino ez gara iruditegi kosmopolita honetan. Abisua eman zigun Joxe Azurmendik bere Manifestu atzeratua olerkian: “Ez, ba, bilatu kondaira unibertsalen liburu handietan gure inperiorik. Aginako zero bat zen gure inperio guztia”.
Kanpoko teleteknologien, infografien eta liburu elektronikoen garaian gure hitza hutsaren hurrengoa besterik ez da, baina mapa globalaren zirkulu honetatik libre gara menpeko perpausen esfera hustu dezagun. Ahalegin honetan euskaldun ororen hitzak axola du. Aginatik ez dago dena egina.
(Argiako Komunzki blogetik hartua)