Atharratzen, eskuinera bihurtzean Alozetik hara, beste mundu batean urtzen gara. Mende urrunetako eresien lurraldean hain zuzen. Bosmendieta eta Ahüzki mendi tontorren maldan hedatzen da Bereterretxen Kantorea izeneko abestiko tragedia zilarraren itzala… Euskal artista entzutetsuenek airarazi dizkigute kopla hauek, Kalakan taldearen bertsio kasik raperoa dugula belarrian azken aldion.
Ozazeko Jean de Jaurgain (1842-1920) ikerlaria lehen aldiz mintzatu zen Zuberoako Legenda Zenbait liburuan belaunaldiz belaunaldi ahoz eta memoriaz transmititu kanta handiosaz. Bidenabar, historian eta heraldikan berezitu gizonak Zazpiak Bat armarria asmatu zuen 1897an. Mauleko Sallaberri (1837-1903) idazleak ere abestia sartu zuen Chants populaires du Pays Basque obraren orrialdeetan 1870an. Bereterretxen Kantorea halatan XIX. gizaldi bukaeran etzan zen paperean, hitzak eta musika partiturak ekarriz. Bigarren gerratik landako urteetan, Jon Mirande eta Martzelin Hegiaphal sohütarra ibili ziren kantorearen bertso ezezagunak biltzen Zuberoako bazter ezberdinetan. 1989an Villabonan Euskaltzaindiak antolatu aurreneko Herri Literatura jardunaldiak ardatz, Txomin Peillenek Euskera aldizkariaren 35. zenbakian publikatu artikulu interesgarri batean sartu zituen.
Mikel Laboak 1965an grabatu eta denon muinetan txertatu ziren Erdi Aro kutsuko melodia eta perpausak. Hargatik, pixka bat lehenago, Iruriko Etxahun idazleak pastorala ondu zuen Bereterretx izenarekin 1958an, Ligin eta Maulen eman zena. Halaber, Pier Paul Berzaitz muskildiar sortzaileak orea harrapatu eta 2005ean, Ligin bertan, Bereterretx berria eskaini zuen. Ekimen arrakastatsua.
Egundainokoan erabiltzen dira kanta horretako elementuak poesia eta izkribuetan, gaurko egoeren larritasunak azpimarratzeko, euskaldunok badugulako beti boterera iritsi aitunen seme gezurtiren bat salatzeko. Parisen bizi naiz lanean adibidez Koldo Izagirrek sortu Dramatis Personae poeman agertzen dira Jaun Kondea, Bereterretxe eta Marisantz lasterkaria… aldaera anitzetako obra aberatsa da, jakintsuek 1434 eta 1449 artean kokatzen duten testua:
Jaun Kuntiak berehala,
Traidore batek bezala:
Bereterretxe, haigü bortala:
ützüliren hiz berehala.
Basabürüko leku askotan kausitzen diren Buztanobia etxeak Zuberoako ohiko baserriak dira: ezkaratz zabalak, barroteekiko leiho hertsi eta gorakoiak, aberetegiak, arditegiak. Etxebarre eta Ligirako gurutze-unean, oroimenezko harri borobila dagoen tokian preseski, halako bat dago. Hemen azaltzen dena ordea Lakarrikoa da, Marisantzen anaiaren, hau da Bereterretxen osabaren egoitza. Larraineko Bereterretxen sendia ez zen nolanahikoa, ez omen zuten zorrik inori, Lukuzeko printzeen agaramontar abarreko Mauleko Gaztelu Zainarekin zeuden harremanetan eta neskato bat zuten zerbitzari.
Ahots sakon ikaratiz abestekoa den kantoreak Atharratze inguruetan gertatu herio bortitz eta iragarria kontatzen digu xeheki, mediterraneoaren ezpondetako vendetta odoltsuen antzeko hilketa ankerra hots, Sizilian edo Albaniako lehorretan bagina bezala. Beaumontarren leinuko buruzagia zen Luis Leringo Kondeak manatu zuen Bereterretxe zaldun agaramontarraren erailketa.
Euskal Herria, bataren ala bestearen alde elkar borrokatzen zuten gerrazale bandatan banatu zen. 1450eko urteetan zehar Leringo jauna, Mauleko Gazteluaren jabe bilakatu zen. Krimena, politikoa zen baina sineste herrikoiaren ildotik, batzuek zioten amodio debekatu baten istorioa zuela kantoreak bihikatzen: Lerinek eta Bereterretxek biek emazte bera, hau da Margarita Ezpeldoi, maite zuten.
Bereterretxek bazekikeen Jaun Kondea ikusten zuen ber, bereak egina zuela. Atxilotua izan zenean amari atorra baten jostea otoiztu zion, menturaz sekulakoa olerkiak ederki dion eran. Atorraren gaia idazkia bukatzean berriz jorratzen du narratzaileak erakusteko agaramontar zainarta ez zela edonor:
Ama, indazüt atorra
Mentüraz sekulakoa!
Bizi denak oroit ükenen dü
Bazko gai-erdi ondua…
Bereterretxe gatibu hartu zuten Leringo Kondearen soldaduek eta eskuak estekan eraman gauez, arbola baten oinetan belaunikaraziz, Etxebarre eskualdean, ezpataz ehotzeko. Poetaren trebeziari esker, labur eta on ari zela, Bazko gauerdi ondoan agitutako guztiak irudikatzen ahal ditugu, hitzek itxurak gorpuzten dizkiguten neurrian: Bereterretxe ohean, neskatoarekin solasean, hiru dozena gizon armatu hurbiltzen sumatzen ditugula, izua igotzen nabaritzen dugu, etxearen setioa, Jaun Kuntiaren indar erakusketa ehun behi eta zezenaren metaforaz baliatuz…
Ilargirik gabeko ilunpe dorpe hartan Zuberoan jende anitzek laster egin zuen. Distantziak handiak izan arren Bereterretxen amak lehenik: kezkaz eta antsiaz itorik, Marisantz, Andozeko ibarrean behera, Bosmendietan gora, Larrainetik Lakarrira, Buztanobian finkatu bere anaia gazteari laguntza eskatzeko, debaldetan, hortik berehala, Maulera, gazteluko nagusiari semeaz galdezka ernatzeko. Irri karkara trufariaz ihardetsi zion:
Hik bahiena semerik
Bereterretxez besterik?
Ezpeldoi altian dün hilik;
habil, eraikan bizirik...
Laster egin zuketen berdinki jaun Kondeak eta haren milizietako soldadu basati ugariek: Larrainetik Ligiraino bideratu ziren, ibilera zalapartatsuan, Bereterretxe zaramatela. Presoak buneta zuen buruan eta beso-muturrak trinko, une batean txapela erori zitzaionean ezin zuela eskurik behera aitortzen duelako. Basabürüa orduan izuaz hormatua imajina dezakegu, soldaduen burdin hotsak, garrasiak, oihuak, zakur zaunkak…
Heltü nintzan Ligira,
Buneta erori lürrera,
Buneta erori lürrera eta eskurik ezin behera.
Heltü nintzan Ezpeldoira,
Han haritx bati esteki,
Han haritx bati esteki eta bizia zeitan idoki.
Lasterrez higatu zen hondarrik Margarita Ezpeldoi gaizoa. Mendekua oroimenean ahalik eraginkorrena suertatzeko, Leringo Kondeak Bereterretxe erail zuen bere andregaiaren etxe saihetsean. Alta” hauek hila hain hüillan üken eta” deus ere ez zekiten. Eresiaren buruko bi kopletan Margarita datza, zorigaitzak leherturik, errautsirik, Bereterretxen odola ahürzka biltzen, erotzen, maitasun seinalez Ezpeldoian zituzten Larraineko jaunaren hiru dozena atorrez bükhata egiten.
Ezpeldoiko jenteak,
Ala sendimentü gabeak!
Hila hain hüllan üken-eta
deüsere ez zakienak!
Ezpeldoiko alaba
Margarita deitzen da:
Bereterretxen odoletik
ahürka biltzen ari da.
Ezpeldoiko bukata,
Ala bukata ederra!
Bereterretxen atorretarik
hirur dozena ümen da.
Bereterretxen hilketak garai hartako zuberotarren garunak inarrosi zituen, aditzen dugunean ukitzen gaituen bezalaxe. Bertsolaria, trebea noski, istorio latzeko hiru pertsonaia nagusien ikuspuntutik ari zaigu, bakoitzaren sentimenduak eta bizipenak zehazki eskainiz. Ohargarria da toka-noka moduaren erabilpen distiratsua, tragedia epikoarekiko gure hurbiltasuna baimenduz. Gertakaria molde eliptikoan oparitzen digu, poetikotasun goreneko baliabideekin, memorian betirako finkatzeko gisa eta emaitza lortu zuen. Hitzez haragoko lekukotasuna dago ikusgai Ligin Bosmendietarako norabidean: Bereterretxe ehortzi zuten lur pezan miretsi daiteke harri borobil hura, sekula ez dezagun ahantz.
Marisantzen lasterrak etenik ez du.
Haiku japoniar baten maneran hasten da Bereterretxen Kantorea, haltzaren –natura– eta gaztanberaren –kultura, jendeek esnetik ateratzen dutena– metafora azkarra eta edonongo botereak –aitonen semeena- zalantzan jartzen dituen ebazpen praktikoa uztartuz:
Haltzak ez dü bihotzik,
Ez gaztanberak hezürrik.
Ez nüan uste erraiten ziela
aitunen semek gezurrik.
Martzelin Hegiaphalen irudiz, pastoral egile eta errejent zena, haltzaren bihotza aipatzea ez zen egokia, haltzak edozein zuhaitzen pare, bihotza bazeukalako eta naturari zein errimari zegokionez logikoagoa zen ezkürra hitza sartzea, honela kantatzeko:
Haltzak eztü ezkürrik
Ez gaztanberak hezürrik;
E’nüan uste erraiten züela
aitunen semek gezürrik.
Beware of that view of the South. Firstly, to demystify the blind admiration of the green land, the white houses and the red tiles, unconditional love, fetishism associated with speech and the supposed lifestyle. It leaves, as Ruper Ordorika has often heard, a tourist idea... [+]
Let's talk clearly, bluntly, without having to move later to say what I had to say: this game, which consists of putting together the letters in Basque, happened to Axular. Almost as soon as the game is invented, in such a way that in most of Gero's pages the author gives the... [+]