argia.eus
INPRIMATU
Literaturia
Aurten galdu ezin dituzun bost zita
  • Maiatzaren azken asteburuan ospatuko da aurten euskal letren plaza Zarautzen, bigarrenez iaz Larrabetzutik hona salto egin ostean. Lehen aldiz gai baten bueltan osatu dute egitaraua: Ardoa. Huts eginez gero, literaturzale, galdu izanaz damutuko zaren bost proposamen bildu ditugu jarraian, aipatu gabe utzitakoek ere hainbeste merezi arren.

Itziar Ugarte Irizar @itzugarte 2015eko maiatzaren 20a
Ardo artean aurkeztu zuten aurtengo Literaturia. Maiatzaren amaierarako egitarau oparoa prestatu dute Zarautzen.

Liburuak zuzenean zundetatik zainetara, odolera. Hori irudikatu dute Literaturiaren antolatzaileek, Ander Lipus antzerkigilea buru duen kartelean eta Lipus bera protagonista den sustatze-bideoan. Maiatzaren 28tik 31ra bitartean, “Odolean daramagu” lelopean ospatuko baita zazpigarren edizioa. Hemen egitarau oparotik egindako aukeraketa:

Zentzumenen zoramena

Ostegun iluntzean –20:00etan– Talaiberri txakolindegian ekingo diote lau egunetako literatura-edanari. Ongi hasteko, Katixa Agirre, Oier Santos, Gaizka Zabarte eta Tere Irastorzaren azken lanak lurrin usainez eta txakolin zaporez dastatuko dituzte.

Porto emanaldia

In vino, veritas edo ardotan datza egia. Hiri portugaldarreko ardoa gogoan eta umorearen bueltan sortu dute emanaldia Harkaitz Canok eta Mursegok, Literaturiarako propio osatu ere. “Bertso berriak, uzta oneko ardoari jarriak”, ostiralean 20:00etan.

Erractus ikuskizuna

Urteko ikuskizun literario aipatuenetakoa da ziur asko. Danele Sarriugarte, Jule Goikoetxea eta Kattalin Minerrenek eskainiko dute errezitaldia Sarriugarteren Erraiak eleberriaren eta Goikoetxearen Tractatus poesia-liburuaren fusioan oinarrituta. Orain arte ikusteko aukerarik izan ez baduzu, ez zenuke galdu behar larunbatean 12:00etan.

Ardoa eta Odola ikuskizuna

Napoka Iria taldeak Joseba B. Lenoir Berako musikariarekin sortutako ikuskizuna da Ardoa eta Odola (Wino I Crew). 1995eko Dead man western-filmarekin eta Hala Bedi irratiko Celosamente Gordea saioekin osatu dute, propio hauek ere Zarautzerako. Larunbatean, arratsaldeko 17:00etan iritsiko zaie txanda.

Hiruko solasaldia

Arantxa Urretabizkaia, Karmele Jaio eta Arantxa Iturbe idazleen arteko berbaldia izango da azken egunean aintzat hartzeko proposamenetako bat. Literaturatik abiatuta, honek oinarrian dituen hainbat gai hartuko dituzte hizpide, eta nola ez, ardorik ez da faltako. Aurretik aipatutako saio guztien gisan, lehengoaren kasuan salbu, Modelo aretoan izango da 12:30ean.

Bestetik, saio-bitarteetarako, larunbatean egun osoan eta igande goizean, liburu-azoka izango da eta Garoa liburu dendan liburu aurkezpenak egingo dituzte; hona, besteak beste, Aritz Gorrotxategi, Gerardo Markuleta eta Mikel Ayllon hurbilduko dira. Larunbat gauerako apuntatzekoa Putzuzulo gaztetxean egingo duten bertso-kata literarioa, Uxue Alberdi, Onintza Enbeita, Unai Iturriaga eta Iñigo Manzisidor ‘Mantxi’ bertsolarien eskutik.

Ezinbestez, letra bete odol dutenak asetzeko asteburua.