Espainiako Hezkuntza Ministerioak helegitea jarri du Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusian. Epailearen erabakiaren aurka egin nahi du, Kataluniako hezkuntza publikoan, aurrematrikulazioetan, hizkuntza aukeratzea nola agertzen den ez dagoelako ados. Ekaineko aurrematrikulazioa ez omen dute oztopatu nahi, baina Hezkuntza Ministerioak eskatu du epe bat uzteko gurasoek haien seme-alabak zein hizkuntzatan ikastea nahi duten esan dezaten. Kataluniako PPk eta Ciutadansek babestu dute Ministerioaren eskaera, gainerako alderdiek (CiU, ERC, PSC, ICV-EUiA eta CUP) aurkako iritzia eman dute.
Beste behin hizkuntza aukeratzeko askatasuna mahai gainean. Katalunian 1970eko hamarkadaren bukaeran eta 1980koaren hasieran eztabaida handia izan zuten eskolako hizkuntza ereduari buruz, ea ikasleen lehen hizkuntza bermatu behar zen ala ohiko hizkuntzatzat katalana hartu behar zen. 1960-70 hamarkadetan milioi bat andaluziar eta extremaduratar heldu ziren (geroago iritsiko zen bigarren atzerritar aldia). Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan katalana hizkuntza ardatz hartzea erabaki zen, gaztelania ikasgaia baino ez zen izango. Jendarte katalanaren gehiengoaren ustez, orduan hartutako erabakiek ondorio onak baino ez dituzte izan. Milaka katalan hiztun atera dira eskoletatik, eta batez ere bertakoen, Espainiako Estatutik joandakoen eta geroago urrutiagotik heldutakoen artean batasun soziala eta elkarbizitza bideratzeko gakoetako bat izan da. Esan beharrik ez dago eskolako hizkuntza ereduak gaztelaniaren bizirautea ez duela arriskuan jarri.
Valentziako Gobernuak ere egin zuen antzeko saiakera 2014ko hondarrean. Ikastetxeetako gurasoei haien haurrentzat zein eskola-hizkuntza nahi zuten galdetu zien, aukeran gaztelania/ingelesa eta valentziera/ingelesa jarriz.
Iruñean 18 haur eskola publiko daude, bi baino ez euskaraz eta biak Txantrea auzoan. Gurasoek askotan eskatu dute aurrematrikulazio garaian galdetzeko zein hizkuntzatan nahi dituzten eskolak haurrentzat, eta zein auzotan. 1.399 plazatik 164 dira euskaraz eta gurasoek egindako kontaketaren arabera 466 haur euskarazkoan matrikulatuko lituzkete.
Galdetzearena, komenentziaren arabera.