argia.eus
INPRIMATU
Baterien alorrean aro berria hasi da
Joxerra Aizpurua Sarasola 2015eko maiatzaren 12a

Apirilaren 30ean, Tesla ibilgailu elektrikoen konpainiako Elon Musk-ek Powerwall izeneko bateria aurkeztu zuen, eta horrekin batera energi gordailuen alorreko lasterketari hasiera eman zion. Iragarpen garrantzitsua izan zen energi bilketari dagokionez, zalantzarik gabe. Etxe osoa energiaz hornitzeko moduko bateriez ari gara.

Muskek ez zuen bateriaren ezaugarri teknikoen berri eman, oinarrian gure smartphonetako litio-ioizko pilen antzekoa dela besterik ez zuen esan. Teslak eguzkiaren indarra metatu nahi du baterietan; horretarako, Nevadan (AEB) duten lantegi erraldoian energi metagailuak eraikiko dituzte. Metagailu horiek hormetan txertatzen dira, eta 1,30 metroko altuera, 86 zentimetroko zabalera eta hamazortzi zentimetroko sakonera dute.

Oraingoz, zazpi eta hamar kWh-ko ereduak landuko dituzte, eta hurrenez hurren 3.000 eta 3.500 dolarren truke saldu. Nahi adina bateria elkarrekin lotuta jar daitekeenez, eraikin oso baten berokuntza sistema presta daiteke era horretan.

Eguzkiarenaz gain, edozein iturritako energia metatzeko gai izango dira bateria berriak. Eta aukera emango dute, besteak beste, energia merkeago eskaintzen den uneetan soilik kargatzeko.

Lasterketa hasi egin da honenbestez, eta seguruenik Teslak berak edo beste enpresa batek bateria txikiagoak, merkeagoak eta ahalmentsuagoak aurkeztuko ditu luze gabe.