Urrutira joateko beharrik barik, herrian bertan izaten dira naturaz gozatzeko lekuak. Arrasateko Kurtzetxiki menditik (531 m), esaterako, Leintz bailara osoa eta Aizkorriko mendilerroa ikus daitezke. Azken urteetan utzita egon den ingurunea berreskuratzeko, Arrasateko Udalak mendiko 60 hektarea bereganatu ditu eta herriko elkarteekin batera, Kurtzetxikira joateko ibilbide bi atondu ditu.
Industria garapen handikoa da Arrasate; lanerako eta zerbitzuetarako herri bihurtu da azken hamarkadetan, eta ingurumenaren zaintza bigarren mailan geratu da. Herriko mendizale eta naturazaleek kezka hori behin baino gehiagotan agertu dute, eta egoerari buelta emateko pausoak ematen hasi da udala. Arrasateko ingurune batzuk babes bereziko gune izendatu dituzte herri ordenaziorako plan nagusi berrian, eta txoko horietako baso-habitata berreskuratu eta herritarren esku uztea da helburu nagusia. Berreskurapen lan horietan, Arrasateko Udalarekin batera, Besaide mendizale taldeak, Naturtzaindia elkarteak eta Sustrai Berri elkarteak lan egin dute.
Babesguneetako bat Kurtzetxiki mendia da, Larragainen. Aitor Zubiaga Besaide mendizale taldeko kidearen berbetan, “nahiko jareginda” egon den ingurua da. Berezko baso-habitatean artadia egon da Kurtzetxikin, baina duela 30 urte inguru sute bi egon eta gero, pinua landatu zuten, eta ordutik pinudia izan da nagusi. Arrasateko Udalak 60 hektarea erosi dizkio Kutxari, eta artadia berreskuratzeaz gainera, abeltzainentzako lurrak eskaini eta ibilbideak atondu ditu Kurtzetxikira igotzeko.
Ibilbideok ospitale atzean hasten dira, Zalduspe kalean, eta Gipuzkoako Mendi Federazioak homologatutakoak dira; laburra SL motakoa eta luzea GRkoa. Federazioa bera arduratu da ibilbideetako seinaleztapenaz.
Joan-etorrian, 6,6 kilometro dauzka ibilbide honek. 300 metroko desnibela dauka, eta familia giroan joateko aproposa da. Bide honetatik joanez gero, elurzulo albotik igaroko gara, eta Kurtzetxikiko artadi zaharra zeharkatuko dugu. Baso berezia da berau; artadi kantauriarra. Klima atlantikoan ez da oso arrunta artadiak izatea, klima beroagoetako habitata baita. Leintz bailara osoan, Arrasatekoak dira artadi bakarrak: Udalatxen eta Kurtzetxikin daude, hain zuzen. Berezko natur ondare hori ikusirik, Kurtzetxikiko artadia babestea eta berriak jaiotzeko lan egitea erabaki dute.
Ibilbide labur hau ezagutzeko, apirilaren 26an mendi irteera antolatu du Besaide mendizale taldeak. Goizeko hamarretan irtengo dira Arrasateko plazatik. Herritar guztiei begirako deialdia egin dute, eta parte hartzeko ez dago aurretiaz izena eman beharrik.
Ibilbide luzea hamaika kilometrokoa da, eta Arrasate, Oñati eta Aretxabaletako mugetatik igarotzen da. Laburra bezala, Zalduspe kaletik hasten da, eta aspaldi errepide garrantzitsua izan zen Erregebidea hartzen du, Oñatiko Zubilaga auzorantz. Bidea Beasaineraino heltzen da, eta Frantziara joateko oso arteria garrantzitsua izan zen garai batean.
Ibilbide hau egiteko, Urkulurako bidea hartu eta urtegira heldu baino lehen Bedoña auzorantz desbideratuko gara. Bedoña ondoen kontserbatuta dagoen Arrasateko landa auzoetako bat da, eta ikusteko moduko gauza asko gorde du. Natura ikuspegi ederraz gain, han daude Koldobika Jauregi eskultoreak egindako dragoia, eta Bedoñako seme Juan Arana Loramendi idazlearen omenezko monumentua.
Andra Mari Zuri ermita eta Eulalia parrokia –bertan Santa Olaia esaten diote– ere Bedoñan daude. Arrasaten baserri gutxi bizi dira baserritik; Bedoñan hiru. Esaterako, Artazubiaga baserrian mahastiak dituzte, eta Otxia izeneko txakolina egiten dute.
Bedoñatik gora jarraituta igoko gara Kurtzetxikiko gailurrera, eta bidean ibilbide laburrarekin bat egingo dugu. Beheranzko ibilbidea bera da bi kasuetan: San Andres auzora doana.
Kurtzetxikiko gailurrean dago mendiaren ingurune lauena. Hango larreak herriko abeltzainentzako gunea izango dira laster, eurek hala eskatuta.
Txundigarria da Kurtzetxikitik zenbat gauza ikusten den, herri-gunetik hain hurbil dagoela kontuan izanda gainera. Arrasateren ikuspegi nahiko zabalaz gainera, Leintz bailara eta Aizkorri mendikatea ikusten dira. 360 gradutan, tontor esanguratsu asko bistaratzen dira bertatik: Aloña, Anboto, Aizkorri, Udalatx... Gailur horien izenekin informazio panela jartzeko asmoa dute.
Paisaiarekin batera, Arrasateko inguruaren bilakaera ulertzeko aukera aproposa eskaintzen du Kurtzetxikik: nekazaritzako lurrak zelan hartu dituen industriak, pinuak ingurunean daukan lekua, haranen banaketa...
Kurtzetxikikoa ikuspegi egokia da horiek guztiak hautemateko. Horregatik, udaleko eta Besaideko ordezkariek inguruak hezkuntzan izan dezakeen balioa nabarmendu dute. Normalean, ikastetxeek Arrasatetik kanpora edo erdigunetik aldenduta dagoen Udala auzora egiten dituzte txangoak; haatik, askoz gertuago dagoen Kurtzetxiki herriko natura-ondareaz jabetzeko leku egokia izan daiteke.
Kurtzetxikikoez gainera, hemendik aurrera Arrasateko beste bide batzuk berreskuratzeko asmoa dute udalak eta Besaide mendizale elkarteak. Aitor Zubiagak azaldu duenez, mendizale elkarteko arduretako bat ibilbide zaharrak dira. “Herri bide direnak herri egiteko bide izan daitezke”.
Besaidekoek udalera 2010ean jo zuten lehenengoz, bide horiek berreskuratzeko proposamenarekin. Udala bide publikoen inbentarioa egiten ibili da azken urteotan, eta horrek ere lagunduko du hemendik aurrera haiek berreskuratzen. Asmoa Arrasateko auzoak batu eta herriaren bueltan eraztun bat egitea da. Horrekin batera, herri-gunetik auzo guztietarako herri bideak berreskuratu gura dituzte, sarea gurpil forman osatzeko.
Festa egiteko musika eta kontzertu eskaintza ez ezik, erakusketak, hitzaldiak, zine eta antzerki ikuskizunak eta zientoka ekintza kultural antolatu dituzte eragile ugarik Martxoaren 8aren bueltarako. Artikulu honetan, bilduma moduan, zokorrak gisa miatuko ditugu Euskal Herriko... [+]