Martxoaren 13an, Euskal Herrian Euskaraz taldeak kudeatzen duen Arrasateko Jai Zale tabernan eseri ziren Aitor Montes medikua eta Garazi Sagasta erizaina. Helburua: Elebiderako, Behatokirako, Sendagileen Elkargorako eta Osakidetzak eskualdeka dituen zuzendaritzetarako osasun alorreko kexak eta iradokizunak biltzea. Lan moldea: Ostirala zela baliatuz, poteoan lasai ederrean zebiltzanek kexak helaraziko zizkieten bi boluntarioei eta haiek arduratuko ziren bidalketak egiteaz.
90 kexa eta iradokizun jasotzea lortu zuten, eta Montesek adierazi duenez, gainezka egin zuten eta ezin izan zituzten eskaera guztiak bideratu. 90 horietatik 78 Elebidera bideratu dituzte. Alderaketa egiten hasita, 2013an Elebiden 228 kexa jaso zituzten zerbitzu publikoei lotuta, eta horietako 20 baino ez ziren osasunari lotutakoak. Beraz, kopurua laukoiztu da arratsalde bateko ekinaldian.
Antolatzaileek, 2015ean, Arrasateko bilketa modua erabiliz edo bestelako moduez, 2.000-3.000 kexa lortu nahiko lituzkete. Herritarren presioa, eskaria, eskaintza bihur daitekeelako.