CHARLIE HEBDO, ez naiz eta banaiz. Nik ere antzerako burutazioak izan ditut Parisko 12 hilketen ondorengo uneetan, Pello Zubiria Argiako kazetariak bere blogean azaltzen zuen bezala. Ez naiz eta banaiz. Igandeko Parisko manifestazioan herritarren artean egongo nintzateke hildako kazetariekiko elkartasunez eta sarraskia salatzeko; eta ez nintzateke izango, munduko buruzagiek emandako doinuan zibilizazioen arteko talka azpimarratu delako, Mendebaldearen lehentasuna eta nagusikeria lehen lerrora eramanez.
Charlie naiz, kazetari moduan, adierazpen askatasuna lanbide eta bizitzaren ardatz delako lumaz edo arkatzez aritzen garenontzat. Ez naiz, mendebaldeko agintariek Charlie Hebdo eta adierazpen askatasuna beren zibilizazio nagusikeriaren sinbolo bihurtu nahi dutelako.
Charlie naiz, miresgarria eta eredugarria delako kazetari eta marrazkilari talde batek noraino egin dezakeen beren ideiekin bat bizitzeko, libre guztiz halakorik ezin den munduan, Askatasunari etengabe ateak irekiz. Ez naiz, haien probokazio eta ikusmolde guztiekin bat ez natorrelako. Ez nintzateke gai izango aldizkariko azalean Mahoma profeta kaka bat dela esateko, ados ez nagoelako eta, gainera, temeritatea delako.
Charlie Hebdo izan nahi nuke, baina ezin dut, mundu arriskutsu honetan zuhurtzia biziraupenerako balioa ere badelako, eta giza eskubide eta giza baloreen irakurketa globalizaturik ez dagoelako. Oraindik ezin dut, baina handitan bai, handitan Charlie izan nahi nuke.
“HAU EZ DA Frantziako hiriburuan gertatutako krisi terrorista isolatu eta dramatiko bakan bat. Ekialde Hurbila Europan instalatzen ari da. Hurakana Sirian da, Iraken eta baita gure artean ere. Munduko arazoen integrazio nahasketa da eta Mendebaldea dagoeneko ez da konpartimendu itxi bat berak munduan sortutako porrot eta hondamendien ondorio lazgarrien aurrean”. Rafael Poch Parisko La Vanguardiako korrespontsalak horrela zabaltzen zuen iragan igandeko bere kronika. Alegia Yihadismoak bere jarduna globalizatu duela eta orain Bagdad, Alepo eta Damasko, Paris, Londres edo Madril izan daitezkeela.
Adierazpen askatasunaren defentsa egin behar dela bistan da eta Charlie Hebdoren aurkako sarraskiaren aurkako salaketa ere bai, baina atentatu horiek bere testuinguruan jarri barik, nekez egin daiteke egoeraren azterketa egokirik. Hiltzaileek hitzez ere argi azaldu dute hori segurtasun indarren tiropean hil aurretik.
Gerra Hotzaren amaieran ospetsu egin zen Francis Fukuyamaren esaldia: “Historia amaitu da”. Mendebaldeak erabateko garaipentzat hartu zituen Berlingo Harresiaren eta Sobiet Batasunaren desagerpena. Zibilizazioak komunismoa garaitu zuen. Ongiak gaizkia. Eta 2001eko Dorre Bikien atentatuen ondoren, Amerikako Estatu Batuek logika berberari ekin zioten: norberaren ikusmoldeari eusteko, zibilizazioak behar zuen bere gaiztoa birsortzea. Berriz ere irabazteko, beren herritarren gobernu zapaltzaile eta ustelak nahieran erabiliz, bere hegemonia helburuak hamaikagarrenez gauzatzeko.
Gerra berri horretan gaude eta, itxura guztien arabera, zipriztinak gero eta sarriago jasango dira Mendebaldean, gurean. Baina Parisen iragan igandean ikusi zenez, etsaiari aurre egiteko prest da Mendebaldea. Segurtasuna eskubideen gainetik, irailaren 11ren ondorengo bigarren kapitulua abian da, bidez batez Europa barruan sor daitezkeen edozelako alternatibak hobeto kontrolatzeko.
Askoz ertz gehiago ere baditu Charlie Hebdoren aurkakoak, zorrotzak eta korapilatsuak, hegotik datozkigun herritarrei gure gobernuek oztopo gisa jartzen dizkieten txarrantxa biribilen gisakoak, baina Mendebaldeko nagusikeria da, ostera ere, lurrikara berri honen epizentroan.
ADIERAZPEN ASKATASUNA askatasunaren akuilu eta lurralde librea da aldi berean, bizi leku goxo, mingots eta kontraesankorra. Kartzelan dira oraindik Egin-eko arduradunak, ETAko izateaz zigortuta, haien arma bakarra luma zenean. Charlie ei direnek espetxeratu zituzten. Paristik bueltan dira. ETAk Javier Lopez de Lacalle kazetaria hil zuenean, edo Gorka Landaburu zauritu, ezker abertzaleko esparru batek ez zuen Charlie aipatu, gatazka baizik. Bizigune ez dena ezin ipar bilakatu.
Osasun artak biltzen ari da Pablo Gonzalez Moskun une honetan. Joan den astean, Poloniako Radomgo segurtasun handiko espetxetik atera zen kazetaria bi urte eta bost hilabeteko preso egon ondoan. Poloniak leporatzen zion espioitza frogatu gabe libre atera da.