argia.eus
INPRIMATU
Txango hunkigarriak
  • LIBE :: Ihesaldi handia

    Bonberenea Ekintzak, 2014

Joxi Ubeda Goikoetxea 2014ko urriaren 23a

Aire malenkoniatsuak eta ilunak entzun daitezke Liberen lehen diskoan. Taldeak rock doinuak jotzen ditu, gogor samarrak kantu batzuetan, eta oinarri erritmiko sendo baten gainean Libe Garcia de Kortazarren kantatzeko eta teklatuak jotzeko modu berezia azpimarragarriak dira. Bere ahotsak indar eta nortasun handia dauka, eta teklatuen bidez kantuak ederki janzten ditu giro bereziak sortuz. Talde berri baten lehen diskoa da, baina ongi landua eta osatua dago. Taldekideak eskarmentu handiko musikariak dira, eta denen artean lan polita egin dute.

Libe Garcia de Kortazar gasteiztarrak beste urrats bat egin du bere musika ibilbidean, jauzi handi bat, bere kantuak argitaratuz. Zenbait taldetan teklatuak jotzen aritu da azken urteetan. Neubat taldearekin jotzen hasi zen, eta Sorkun, Ekon eta Izaki Gardenak taldeekin ere aritu da, besteak beste. Talde horiekin jotzen aritu denean bere kantuak konposatzeko astia ere izan du. Kantu horietako batzuetan Joseba Ponceren (Dut, Kuraia, Lisabö) laguntza izan du, bere ideiak gauzatzeko eta konposizioak biribiltzeko.

Kantu horiek eskarmentu handiko hainbat musikari gasteiztarren laguntzaz landu eta moldatu ditu. Atxus baxu jotzailearekin (Neubat, Sorkun, Vicepresidentes), Txus Villalabeitia gitarra jotzailearekin (Same Old, Eh!) eta Eneko De Arza bateria jotzailearekin (Naüt, Trumbo), hain zuzen. Kantuak entsegu lokalean prestatu ondoren Karlos Osinagaren gidaritzapean grabatu dituzte Bonbereneako estudioan. Disko borobila osatu dute, mardula. Kantuek barrenak astintzen dizkigute, eta haien bidez erraz bidaiatu dezakegu urrunera, beste lurralde batzuetara.

Barne-barnetik ateratako doinuak eta sentipenak dira abestietan bildu direnak: “Ereindako haziak euri azidoez bustita, erreta, antzutu nituen. Eta udaberriek ez naute biguntzen, kimuak, erroak, erauzi ditut” (Lilitegi antzua); “Burua lurpean, urrunera zoaz, atzera behin ere so egin gabe. Koldarkeriaren hegoak zabaltzen ihesean urrun heldu daiteke” (Ihesaldi handia); “Airea mugitzen bada, taupadak gelditzen dira. Ekia iluntzen bada, gorputzak harritzen dira” (Haizea); “Itzal lauso bihurtu nuen neure burua inork ez ikusteko” (Jaio naiz); “Urratsak, ostoez estalita. Usaina, uretan deseginda. Ahotsa, haizeak eramanda. Gogoak, giltzapean gordeta” (Urratsak); “Berde zena gorritu, izan zena suntsitu. Pauso ororen ertza, Hemen da negu beltza” (Negu beltza); “Gurinezko bihotza, berotzean biguna; hotza ari duenean gogorra. Lokatzezko bihotza, zorabiatzen dena; Kolpe idor batekin hauskorra” (Gurinezko bihotza); “Gauero ilunpean mamua agertzen da eta nire ametsetan zure bila doa” (Mamuak); “Haurtzaroaren beroa beharko nuke. Laztanak, muxuak, matte-matte” (Hustua); “Herdoildutako egunetan ez da nahiko asmo onaz, pauso bat aurrera eta bi pauso atzera goaz” (Nahigabe).  

Liberen lanak hunkitu egin gaitu, eta arretaz erreparatuko diegu bere hurrengo urratsei, bere grabazioei eta jendaurreko emanaldiei.