Jasangarritasuna, parekidetasuna, lurraldetasuna, euskaltzaletasuna eta parte-hartzea. Bost balio horiek hartu ditugu kontuan egitaraua adosterakoan, oholtzaratuko diren izenak bilatzerakoan, zerbitzatuko ditugun elikagaiak hautatzerakoan...Hona irailaren 27an Usurbilen gozatu ahalko duzuna.
10:00etan emango diogu hasiera egunari, eta 1998tik gure proiektua laguntzen diharduen Usurbilgo Argiaren Lagunak taldeari omenaldi xumea egingo diogu –burutu izan dituen ekintzen artean, agian ezaguna egingo zaizu urtero abenduan Usurbilen antolatzen duen Pirritx eta Porrotx pailazoen emanaldia–. Goiz osoan zehar izango duzue aukera jolasen txokoan aritzeko, Argia proiektua gertuagotik ezagutzeko, Hernaniko fanfarrearekin saltoka aritzeko, Argiako txosnan tragoa eta mokadua egiteko...
Adin eta ezaugarri guztietako pertsonek egiteko moduko ibilbidea prestatu digute luxuzko hiru gidek: Josu Tellabidek Usurbilgo baserrien liburu mardula osatua du eta ibilbidea azalpen historiko eta etnografikoz jantziko du. Argian urte askoan landaredia aztergai duen Errekondok azalduko digu geldialdi bakoitzeko paisaia kulturala. Eta Argiaren webgunean Konpostazank! bloga duen Jon Ander Galarragak auzokonposta gunea baliatuko du konposta egiteko irizpideak azaldu eta konpostagailu barruko faunaren behaketa zuzenean egiteko.
10:15ean plazatik abiatuko da ordubeteko ibilaldia eta Usurbilgo herriaren sorrerara bidaiatuko dugu, egun Kalezar deitzen zaion auzo hori izan zela Usurbil hiribildua oroituz. Ez galdu aukera paisaiaren ikuspegiaz gozatzeko, eguna pasako duzun inguruaz ikasteko eta hiru adituei zuzenean kontsultak egiteko.
Zangozako ikastolarekin eta Zestoako Katamarroa natur taldearekin elkarlanean, hazi eta buztinezko bolak (Nendo Dango) egingo ditugu 11:30ean hasita (informazio osoa Pello Zubiriaren Xehe blogean). Era berean aukera izango dugu Oinez Basoa proiektua ezagutzeko, eta euskararen eta lurraren alde gure hazia jartzeko. Egingo ditugun hazi boletako batzuek Zangozako Oinez Basoan jaurtiko ditugu, beste egun batean. Beste Nendo Dango batzuek, berriz, Zubietan errauskailua egiteko urratu zuten lur saila biziberrituko dute. Eta norberaren esku bere etxe ingururako Nendo Dango batzuk egitea.
12:00etan frontoian dugu zita, Argiazale. Harpidedunak, laguntzaileak, irakurleak, kolaboratzaileak, langileak... ezagutzeko eta elkarrekin norabidea irudikatzeko gune izango da Argiazaleon Topaketa.
Hasteko eta labur, hitzez, irudiz eta ziriz azalduko ditugu Argiaren ezaugarriak: komunikazio proiektua, berau egiten duen lantaldea eta harpidedun-laguntzaile komunitatea.
Jarraian, talde txikitan bilduta tartea hartuko dugu norberak bere proposamenak, iritziak, bizipenak botatzeko eta noski, besterenak jaso eta ikuspegia aberasteko. Hona landuko ditugun hiru galderak: Zein da Argiarekin duzun harremana eta nolakoa izatea gurako zenuke? Zeintzuk dira zure gustuko gai edo sailak, eta zeintzuk egotea gurako zenuke? Herriz herri eta eskualdez eskualde, Argiako bide-lagunekin dinamika ezberdinak abiaraztea dugu xede. Zer egingo zenuke zure herrian Argia bera eta bere balioak zabaltzeko?
Topaketa ixteko ideia guztiak bateratuko ditugu, eta umorez ere aterako diogu Argiazaleon Topaketari argazkia. Aurrera egiteko batzea eta ikuspegiak elkartzea bezalakorik ez dago. Zatoz eta parte hartu!
Bazkalostea, Katalunian herriz herri zabaltzen doan NAN jaurtiketa txapelketa egingo dugu: nork hurrunago bidali Frantziako, Espainiako (zein gainerako estatuetako) agiriak. Eskuz botatzea da araua, eta hasi entrenatzen, errekorra Gironako Bescanó herrian asturiar batek jarri berri baitu abuztuan: 38 metrora bidali zuen, alajaina! (bideoa ikusgai Argiaren Barrenak blogean). Bigarrenik, bola-jokoan aukeran izango duzu zer erakunde, kontzeptu eta pertsona jarri jopuntuan. Herri kirol hauek ikustekoak izango dira, Unai Brearen zuzeneko erretransmisioarekin.
Kategoriko bertsolari izateaz gain ARGIAko kazetari sinadura indartsuak ere badira Amets Arzallus, Sustrai Colina eta Uxue Alberdi. Plazetan entzuleak eurenganatzeaz gain, Argiako bertso irakurleentzat jartzaile finak dira Julio Soto eta Miren Amuriza. Eta askorentzat Bertso Eguneko errebelazioa izan zen Rosi Lazkanok gogoan du umetan Zeruko Argiatik ikasten zituela bertso sortak. Sei bertsolariek kartel koloretsua osatzen dute belaunaldiz, lurraldetasunez, euskalkiz, bertsokeraz, generoz... Gaiak Argiako erredakzioan ondu eta Urko Apaolazak aurkeztuko ditu. Ez da ohiko saioekiko berezitasunik faltako...
Bertsolarien prestutasunari esker eta entzuleen sarrerako ekarpenarekin (5 euro, bertan salgai) Argia proiektua indartuko du bertso saioak.
19:30ean Ondarroako emakume koadrilak osatutako Andrabanda perkusio taldeak astinduko ditu kaleak. 22:00etatik aurrera, aldiz, ahotsak hartuko du plaza: Behi Bi Blues osatzen duten Gaizka Azkarate eta Azkaiter Pelox bikoteak 50eko hamarkadako blues abestiak euskaraz eskainiko dizkigute. Eñaut Elorrietak Deserriko kantak diskoan ekindako bakarkako bidea urratzen jarraituko du. Perlak laukoteak –postpunk hitzarekin definitzen dute euren estiloa– zuzeneko kontzertu indartsua eskainiko duela ziur gaude. Eta ez bukatzeko, Esther Sound Sister DJak funky musika nahastuz ordu txikiak arte girotuko du plaza.
Sarrerakoak
- Hiru tomateko entsalada, pesto eran: Tuterako,Aretxabaletako eta Hernaniko uzta.
- “Basatxerri” patea Ezpeletako piperraz.
- Ibarrako piperrak.
Lehen platera
- Arguedasko arroz ekologikoa garaiko barazki ekologikoekin.
Bigarren platera
- “Lumagorri” oilasko gisatua, Arabako patata eta garaiko barazki ekologikoekin.
Azken burukoak
- “Idiazabal” gazta, naturala eta ketua.
- Baserriko izozkia.
Kafea
Edateko
- Lezaun upategiko “Egiarte” ardo beltz ekologikoa
- Lezaun upategiko “Egiarte” ardo gorri ekologikoa.
- Sagardoa txotxetik.
Prezioa: 15 euro
Ekoizleek eta bazkaria prestatuko duen Lurlan kooperatibak egindako ekarpenari esker, menu eder hau 15 euroan dastatu ahalko duzu.
Ordua: 14:00etan, Askatasuna plazan.
Kafean, Asisko eta Kike Amonarrizen ttantta
Astero ziri bat ekartzen diguten Kike Amonarriz eta Asisko Urmenetak zerbait darabilte buruan: fina, laburra, ideien eragilea... irria bezalakoa.
Leku mugatuak: Egin erreserba lehenbailehen
Bazkariko txartelak erreserbatzeko deitu Argiara: 943 37 15 45 edo idatzi bzuza@argia.eus helbidera. Beste leku hauetan ere eskura ditzakezu: Argiako egoitzan (Lasarte-Orian); Usurbilgo Bordatxo tabernan, Hernaniko Oinddi eta Txilin eta Iruñeko Karrikirin.
Nafarroako Ikastolen Elkarteak eta bertako ikastolak antolaturik, Zangozako zabortegi zaharreko lurra berreskuratuko du basoak, “La Celada” deituriko parajean. Bertan jaurtiko ditugu Argia Egunean haziz eta buztinez eginiko nendo-dango bolaxkak ere.
Nendo Dango tailerra dago antolatuta, beste hainbat ekitaldiren artean, irailaren 27ko ARGIA Egunerako Usurbilen. Teknikaren zehaztapenak “Hazitik hasita mundua oihantzeko” kronikan azalduta daudenez, hona laburpena.
Euskaltzaleak, ARGIAko irakurleak, langileak, kolaboratzaileak, harpidedunak, blogariak, sare sozialetako jarraitzaileak... azken finean, ARGIAren inguruan batzen garen komunitatea elkar ezagutu eta egun eder bat pasatzeko aukera emango digu aurten berreskuratuko dugun ARGIA... [+]
Noizbait basoz beteta egon zen ludia berriro oihanez beztitu beharra dago, edonork dakienez. Itsasoaz gain, zuhaizpeetan datza bioaniztasuna, klimaren erregulazioa eta elikadurak ekoizteko beharrezkoa den lurzorua bera. Masanobu Fukuokak asmatutako “Nendo Dango”... [+]
Noizbait basoz beteta egon zen ludia berriro oihanez beztitu beharra dago, edonork dakienez. Itsasoaz gain, zuhaizpeetan datza bioaniztasuna, klimaren erregulazioa eta elikadurak ekoizteko beharrezkoa den lurzorua bera. Masanobu Fukuokak asmatutako “Nendo Dango”... [+]
Ez bakarrik pozoirik eta ongarri sintetikorik gabe, soro-baratzeak goldatu eta jorratu gabe lantzea aldarrikatu zuen Masanobu Fukuokak, nekazaritza naturalaren aitzindariak. Laborantzak naturarekiko errespetuan eta gizakiaren garatze espirituzkoan oinarritu behar duela zioen.