argia.eus
INPRIMATU
61 urteko nerabe baten poesia
  • Galdeak eta baleak: Josetxo Azkona.

    Pamiela, 2014

Reyes Ilintxeta 2014ko uztailaren 29a

Hauxe da idazle iruindar honen seigarren liburua. Itzultzailea lanbidez, irrati gizona zaletasunez, prosodia eta erretorikan maisu, irakurri eta entzun daitezkeen olerkiak egitea maite du Azkonak.

Aurreko lana Haikuen bilduma izan zen. Hura bukatutakoan oso bestelako poemak lantzeari ekin zion, agian Haiku japoniarren zurruntasunetik ihesean edo. Haietako batzuen bilduma da hau. Gai aunitzi buruzko gogoetak, poema bilakaturik: denboraren joana, heriotza, sexua, politika, gizartea, gaizkia, musika, haurtzaroa…gehienak ironiaz eta umorez berniztatuak.

Agian literaturazale jakintsuak esanen du olerki gehienetan pentsamenduak ongi harilkatuta eta errekurtso literarioz ongi hornituta agertu arren, hunkidura sortzeko gaitasuna ez dela orri guztietan neurri berean aurkitzen. Agian. Nik ere poema batzuk besteak baino gusturago irakurri ditut. Eta baten bat bukatu gabe utzi ere. Zergatik ez?

Baina gozatu egin dut eta burua ideiez betea gelditu zait. Testu ulergarriak dira eta benetako hezur-haragizko egile bat atzean dituztenak. Hori gustatzen zait.

Azpimarratzeko modukoak iduritu zaizkit batzuk: Iqbal Masiq, haur esklabuari buruzkoa, Piztien alde, gizakion izaeraz mintzo dena, Poltsikoak arakatzen garaiz esan ez ditugun gauzez ari zaiguna…eta bukaeran Xabier Lete, XL, handiari eskainitako lerroak. Eta oso dibertigarriak eta ausartak (ganberroak ez esateagatik) Harira ez datozen galdeak ataletan bildutako nerabe urtetsu honek pilatutako galderak.