Espainiako Eskubaloi Federazioak kargu hartu die emakumezkoen hondartza-eskubaloiko hainbat talderi, bikiniarekin ez jokatzeagatik, nazioarteko araudiak zehazten duen moduan. Kirol Kontseilu Gorenak, aldiz, ebatzi du edozein janzkera erabili dezaketela, neurria sexistatzat jo duten jokalarien aldarrikapenei erantzunez.
Hilaren lehen asteburuan gertatu zen. Suances (Kantabria) hiriko hondartzan egindako txapelketan emakumezkoen 22 talde aritu ziren. Haietatik 21 ohartarazi zituen Espainiako Federazioak, top eta kulerotxoen partez tirantedun kamisetak eta galtza motzak jantzi zituztelako. Datorren urtean jarriko da indarrean Nazioarteko Federazioaren araudia, eta Espainiakoak azaldu zuen hura betearaztea besterik ez zuela helburu.
Hamaika eragile agertu da neurri horren aurka, EAEko Eskubaloi Federazioa eta Emakunde kasu. Erabaki sexista dela salatu dute, eta ez duela zerikusirik jokalekuetan gailendu behar diren kirol baloreekin. “Erabakiak ez du helburu jokalariak erosoago egotea edo eraginkorragoak izatea euren zereginean, baizik eta euren irudia erakargarri egitea, berdintasun eta ez diskriminazio printzipioen kontra joanez”, adierazi du Emakundek.
Espainiako Kirol Kontseilu Gorena iritzi berekoa da, eta haren esku-hartzeari esker jokalariek nahi duten janzkera aukeratu ahal izango dute Estatuko txapelketetan lehiatzeko. Handik kanpo jokatu behar dutenean, aldiz, nazioarteko araudiari men egin beharko diote: sabela bistan eraman beharko dute eta azpialdeko bikiniak, alderik zabalenean, ez ditu hamar zentimetro baino gehiago izango. Aitzitik, gizonezkoek galtza zabalak jantzi ditzakete, belaunetik behera gehienez hamar zentimetro luze izan daitezkeenak.
Kantabriako txapelketan aritu den María Ballester jokalariaren hitzetan, egiteko gai direna erakutsi nahi dute joko-eremuan, eta hain justu hori ikustera doa jendea hondartzara. “Bost axola du ederrago jantzita goazen ala ez”, adierazi du. “Oparituta ere ez genituzke arropa horiek jantziko. Lege berria onartezina eta arkaikoa da”.
“Emakume gisa, ganadua bezala tratatzen gaituztela sentitzen dut”, gehitu du 1997az geroztik hondartza eskubaloian ari den Loreto Ochando i Muriel jokalariak. “Zergatik jokatu behar dut kulerotxoekin? Zergatik behartzen naute modu jakin batean janztera, nahi dudana eskubaloian aritzea bada?”. Espainiako Federazioko presidenteari dei egin dio emakumezko kirolariekin bil dadin araudi “misogino eta matxista” horri buruz hitz egiteko. “Badirudi ez dugula ez ahots ez botorik”.
Espainiako Eskubaloi Federazioko presidente Francisco Blázquezek, top eta bikinien inposizioa babesteko, jokatzen den tokiarekin “bat datorren” janzkera dela adierazi du: “Ohikoena da jendea hondartzara top eta bainujantziarekin joatea. Ez da sexismo kontua, baizik eta erosotasunari, estetikari eta lekura egokitzeko gaitasunari dagokion zerbait”
Aberri Eguna elkarrekin ospatzeko xedez sortu zen Euskal Herria Batera plataforma. Aurten, ikusgarri bat eskainiko dute apirilaren 11n, Manex Fuchs antzerkilariaren, Lorea Agirre idazlearen eta Martxel Rodriguez dantzariaren eskutik.