argia.eus
INPRIMATU
Heriotzarekin bizi bai, baina ez dakigu heriotza bizitzen

Nora Barroso @axala_n 2014ko maiatzaren 28a

Amona Nikolasa Oreretako bere etxean hil zen iaz. Azken urteetan nekatuta zegoen amona, gorputza minduta zuen. Guzti horri aitonaren gaixotasuna gehitu zitzaion, alzheimerra.

Aitona Alfredoren gaitza zein zen jakin arteko hilabeteak gogorrak izan ziren, amonarentzat bereziki. Inpotentzia eta ezin egona sentitzen da. Ondoren gaixotasunaren izena eta beldurra. Bide horrek familiaren arteko kudeaketan eta norberaren sentimenduetan eragina eduki zuen. Ondo egin nahi duzu, baina ez dakizu nola, ondokoa egiten duena ez da sarri zure gustukoa eta barne-kanpo gestio hori zaila suertatzen da.

Aitona-amonak etxean egon dira beti. Hasieran haien hiru alabak egon ziren zaintzen. Aitonak okerrera egin zuenean kanpoko pertsona bat sartu zen etxean. Prozesu mingarria izan zen familia guztiarentzat, amonarentzat bereziki. Amona animatzen saiatzen ginen, lasai egoten, baina ez genuen ia ezer lortzen: “Zaharrak zaretenean nirekin akordatuko zarete”, esaten zuen. Eta arrazoia zuen.

Gure arazoekin, eguneroko presan murgilduta, ez genuen amona nola lagundu lortu. Lasaitzeko esan ordez, gehiago hitz egiten utzi behar geniola uste dut, garrantzia kendu ordez bere minean bidelagun izan behar genuela. Guzti horrek tarteka barrua jaten dit. Orain egoera horretaz ikastea besterik ez zaigu geratzen.

Aitonak ia ez du hitz egiten. Momentu batzuetan gure izenekin oroitzen da, hizketaldi txikiak gauzatzeko gai da, eta tarteka, etengabe, gauza bera galdetu edo errepikatzen du. Amona hil zen goiz hartan aitona ondoan zegoen eta inguruan mugimendu handia egon arren gizona ez zen mugitu, ez zuen ezer esan. Ez dakigu gertatu zenaz konturatu zen edo nola bizi izan zuen.

Joan deneko larunbat batean 97 urteko aitonarekin bazkaltzen egon ginen eta amona non zegoen galdetu zidan. “Zer ba?” galdetu nion, beste zer esan jakin gabe. “Aspaldi ez dut ikusten”, erantzun zidan. Sukaldean zegoen nire amari kasu horietan zer egiten zuten galdetu nion: “Izebaren etxean dagoela esaten diogu, Nora”.

Minuturo galdetuko balu bere maiteñoaz, minuturo hil izanaren mina jasoko zukeen akaso. Pentsamendu horrekin oso triste jarri nintzen. Bera bezala noraino daukagu heriotzaren kontzientzia eta nola kudeatzen dugu hori guztia? Norberak ahal duen moduan pasatzen ditu halako trantzeak, baina jaiotza bezain oinarrizkoa den pasarte hauei buruz gure artean gehiago hitz egin beharko genukeela sentitzen dut. Heriotzarekin bizi gara, baina ez dakigu heriotza bizitzen.