Euskadiko Orkestra Sinfonikoa.
Zuzendaria: Michal Nesterowicz.
Bakarlaria: Lukás Vondrácek (pianoa).
Egitaraua: Beethoven, Wagner eta Strauss-en obrak.
Lekua: Gasteizko Principal Antzokia.
Data: Martxoaren 28a.
Indarra eta pasioa izan litezke Euskadiko Orkestrak emandako azken abonu-kontzertuaren laburpena egiten duten bi hitzak. Egitaraua, taxuzkoa, goitik behera; eta interpreteak, gaztetasunak ematen duen ausardiaz ukituak.
Hasiera batean aurreikusita zegoen Arcadi Volodos piano jotzaile errusiarra ezin izan zen etorri, osasun arazoak zirela medio, eta haren ordez, Lukás Vondrácek txekiarra aritu zen bakarlari gisa, Beethovenen piano eta orkestrarako, op. 37, 3. kontzertua, detailez josia, eginez. Nabarmenena, pianista gazte honen interpretazioan –28 urte ditu–, soinu-delikadeziaren bilaketa izan zen. Begi bistan zegoen Vondráceken kezka nagusia soinuaren biribiltasuna zela. Eta honek alde onak –batez ere– eta txarrak ditu. Bertuteen artean aipa dezakegu bertsio erabat kontrolatua egin zuela, inprobisaziorik gabea, pultsazio bakoitza ondo pentsatua, orijinala, nortasuna duena, dudarik gabe. Baina, horren truke, freskotasun pittin bat falta zen, momentuaren sumaldia agian faltan sumatu genuen. Halere, pianista izugarri baten aurrean egon ginen, zoragarria. Eskupeko gisa eman zuen obra, Josef Suk txekiarraren Love song, lengoaia pianistiko errefinatuaren adibidea izan zen, eta Vondráceken bertsioa, bikaina.
Benetako indarra saioaren bigarren zatian sumatu genuen. Wagner-en Tristan eta Isoldaren Maitasunezko preludio eta heriotza obertura zoragarrian laburbildu egiten da musikalki operan garatzen den istorio dramatikoa, non maitasuna eta heriotza elkarrekin doazen. Michal Nesterowicz zuzendari poloniarrak bizi egin zuen interpretazioa eta transmititu egin zien pasio hori musikariei, bertsio asaldatua eginez.
Eta, pasioan murgildu baginen Wagner-ekin, giro berdintsuan jarraitu genuen gero, nahiz eta maitasunaren beste alde batera eraman egitarauak. Strauss-en Don Juan op. 20 poema sinfonikoa, hain ondo deskribatzen dituena Don Juan pertsonaiaren abentura galanteak, fresko eta sutsua iritsi zitzaigun. Horrez gain, Alexandre Da Costa biolin jotzaile portugaldar gaztearen soloak, kontzertino gisa, disfrutagarriak izan ziren.
Datorren astean Departamenduko Laborantza Ganbarako hauteskundeak ospatuko dira Ipar Euskal Herrian. Frantzia mailako FDSEA eta CR sindikatuez gain, ELB Euskal Herriko Laborarien Batasuna aurkezten da, "euskal laborarien defentsa" bermatzeko.