Euskal komunitateak, beste behin, kalera ateratzeko deia egin du. Nafarroako Gobernuak ia ito du euskara sustatzeko edonolako ahalegin pribatu zein publiko. Euskararen aurkako erasoa salatuko dute martxoaren 22an Iruñeko kaleetan, Euskaraz biziz, Nafarroako Gobernuaren erasoei aurre egin diezaiegun lelopean.
Euskal komunitateak agiria plazaratu du, eta ondokoa dio: “Euskaraz aritzen garenok arrotz gisa tratatzen gaitu gobernuak, eta gure lurrean berean desagerrarazi nahi gaitu”. Euskalgintzaren ustez, Nafarroako Gobernuak euskararekiko duen amorrua adibide askotan ikus daiteke: D eredua kakazteko Guardia Zibilaren sasitxostena, elkarbizitzaren aitzakian D ereduko ikastetxeetan funtzionamendua erdaldundu nahia, ETB sare digitalean ikusteko debekua eta euskaltegiak itotzea diru-laguntzarik gabe, besteak beste. Ikastetxeak, euskaltegiak, udalak, hedabideak... esparru oro baliatu du Gobernuak euskal hiztunen kontra egiteko. Udal eta mankomunitateei emandako diru-laguntzen bilakabidea adibide bat baino ez da. 2001etik 2012ra %82 jaitsi dira laguntzak, 860.000 eurotik 131.000 eurora. 2013an diru partida exekutatu ere ez zen egin.