Geroko gero leloan oinarritu da Barcina Euskalerria Irratiari eginiko lapurretaz galdetu zaionean. Nafarroako Gobernuak, “beti bezala”, Epaitegi Gorenaren erabakia beteko duela esan du. Momentuz, gaia zerbitzu juridikoen esku utzi omen du, haiei dagokielako hemendik aurrerako bidea argitzea.
Bulego batera sartzen ikusi dut presidentea. Abokatu-burua ordenagailuaren aitzinean idazten ari da, atzeko apalategian Aranzadiren bilduma osoa duela. Apaingarri hutsa, noski, legelari zaharrak ere Internetez maitemindu zirenetik ez baita liburukote horiei hautsa kentzen dionik.
Tira, kontua da presidentea ikustean legelari nagusiak idazteari utzi diola, diputazio-buruaren esanetara jartzeko. “Aztertu epaia eta egin edozer Euskalerria Irratiak lizentziarik gabe segi dezan”. Horixe izan da batere sorpresarik eragin ez dion agindua.
Irratien aferan, beraz, nafar agintariak denbora galtzen saiatuko dira, ataka horretatik “beti bezala” (alegia, txapuzaren bat eginez) nola atera asmatu arte. Ezagutzen ditugulako badakigu: epaileek beharturik ere, nekez hartuko dute euskarari arnasarik eman diezaioken erabakirik. Justiziaren epe onartezinak eta guztiok ordainduriko bitartekoak dituzte alde.
Irudikatzen hasita, euskarazko komunikabideen istorioetan pixka bat atzera eginez, eguberri bezperetara joan naiz, Urkullu eta Barcinaren arteko solasaldiaren lekuko izateko. Eusko Jaurlaritzak jende askok espero zuen albistea iragarri berri du: bihartik, ETBren seinale digitala Nafarroa osoan hedatuko da. Behingoz, Parlamentuak berak aunitzetan eskaturikoa bete eginen da. Erabakia ezagututa, Barcina sutan jarri eta lehendakariari deitu dio, Jaurlaritzak atzera egin dezan. Urkulluk baiezkoa eman dio. Orain, nonbait, bi gobernuek batzorde bat sortuko dute gaia aztertzeko. Geroko gero hemen ere, aspaldiko esaerak gogoratzen digunez: zerbait konpondu nahi ez baduzu, sortu batzorde bat.
Axularrek esana badakigu ez duela “deusek ere hainbat kalte egiten arimako, eta ez gorputzeko ere, nola egitekoen geroko uzteak, egunetik egunera, biharretik biharrera luzatzeak”. Barcinarekin zer eginik ez dagoenez, Urkullurengan jarriko dugu esperantza, noizbait urdazubiarraren gomendioa kontuan hartuko duelakoan. Izan ere, euskarazko komunikabideen egoera larriegia da Nafarroan luzamendutan segitzeko. Zirt edo zart egiteko garaia heldu da.