argia.eus
INPRIMATU
Urte berria, garai berria, erronka berriak
GarbiƱe Biurrun Mancisidor 2014ko urtarrilaren 16a
Urtero datorkigu urte berria. Urtero, urtean behin gutxienez, gure buruari asmo zaharrak gauzatzeko aukera berria ematen diogu. Baina, ematen zaigun aukera, behin eta berriro errepikatzen denez, arinkiegi hartu ohi dugu. 
 
Urteak joan eta etorri egiten dira, baina gurpil horrek badu bere muga. Gure bizitza mugatua da, eta horregatik, presa biologikoa badugu gure asmoak eta ilusioak gauzatuta ikusteko.
 
Aurreko artikuluan ideia horren inguruan galdetzen nuen ea ETAren aurka hobeto bizi ote ginen eta, noski, erantzuna garbia zen niretzat: indarkeriarik gabeko gizartean hobeto biziko gara denok, denok biziko garelako.
 
Bada, urte berriak aukera berezia eskaintzen digu beste behin gizarte berri hori eraiki ahal izateko. Azken egunotan ETAko presoek eta preso ohi batzuek adierazpen garrantzitsuak egin dituzte: egindako kaltearen ardura bere gain hartu dute; indarkeriari uko egin diote eta bide politiko baketsuak onartu dituzte; bat egiten dute egoera berriarekin eta euren esperientzia jarri dute prozesu politiko demokratikoaren zerbitzura. Bazen garaia, bai. Baina, berandu den arren, ongi etorria eman behar diot deklarazio honi. Alde batetik, ETAren inguruan mugitzen den munduan kohesio sendoa dagoela adierazten duelako; bestetik, pertsona hauen konpromisoa ezinbestekoa delako etorkizuna jorratzeko. 
 
Pertsona hauek oso delitu larriak burutu zituzten, giza eskubideak urratu dituzte, min handia eta injustua eragin dute eta oinaze eta atsekabea zabaldu dute gure herrian. Preso horiek ere asko sufritu dute –sufrimen hori gehienbat legala eta bidezkoa izan den arren– eta horrek balio berezia ematen dio beren jarrerari. Pertsona horiek beren ideia politikoak beste pertsonen oinarrizko eskubideen gainean jarri zituzten. Orain, ideia horiek mantenduz, bide politikoen bitartez aritzeko konpromisoa adierazi digute. Ez zen erraza izango, ez, horrenbeste sufrimendu ekarri eta gero, sufrimendu horren ardura gainean hartu eta alferrikakoa izan dela onartzea.
 
Bestalde, ETAren egoerari buruz asko espekulatu da. Ez dakit nik zein den egoera zehatza noski, baina argi dago ETAkide gehienek –guztiak ez badira– apustu garbia egin dutela prozesu politiko demokratikoaren alde. Datu horrek lasaitasuna ematen digu herritarroi, etorkizunarekiko eta indarkeriaren eraginkortasun politikorik eza adierazten du. Badakit gizartearen gehiengoa sinesmen horretan aspaldian zegoela, baina une honetan, presoek eta preso ohiek horren pauso kualitatiboa emateak euskal gizartearen azpimarratzeko lorpen handia da.
 
Lorpena, gaur inork ez duelako defendatzen indarkeriaren balioa eta, nolabait, kaltearen injustizia eta ez zilegitasuna aitortzen delako. Lorpena, ideia guztiak lehiatuko direlako jokaleku politikoan inolako mehatxurik gabe. Lorpena, azkenik, denon eskubideen alde geundenok zuzen geundela adierazten delako. 
 
Espero dut presoen adierazpen hori azkena ez izatea. Konpromiso gehiago behar da: ETAren disoluzioa gauzatzen lagundu behar dute, biktimei hitz argiagoak zuzendu behar dizkiete eta gizarte honi euren okerra adierazi behar diote.
 
Hala ere, esan bezala, pausoa ezinbestekoa izan da. Orain, beste eragile guztiek badute –badugu– lana bakea errotu eta normalizazio politikoa sendotzen. Hau da, gure betiko erronka berritua, itxaropenez beteta. Ea inork ez duen itxaropen hori hausten.