“Gure zinemaren historia petrala” idatzi zuen Koldo Izagirrek, badu kapitulu berri baterako gaia. Euskal Herriko Unibertsitateko hiru kide, prentsaren aurrean, aurkikuntza eder baten berri ematen; euskarazko filmik zaharrena aurkitu omen dute, 1956koa, Gure Sor Lekua, frantses armadako jeneral hazpandar batek egina, baina historiaren paradoxa, film horrek soinua eskas. Hitzik ez.
Artxibategi Nazional batek ere ez zukeen hobeki eginen, bideoa kontserbatu da, baina audioa ez. Ez dakit jatorrizko gidoigileak nola kontatzen ote zuen orduko historia, baina hitzak zakarretara bota galdu ahaztu ezkutatu jaso edozer egin duenak ederki kontatzen du gure egoera berria. Ni ez nintzateke audio horren bila zokorik miatzen hasiko. Ez nioke musikarik ere erantsiko. Dagoen horretan utziko nuke. Paisaia eder bat bere mututasun mingarrian.
Izan ere, Iruña-Veleiako ostraketako gure hitzak egiazkoak ote diren ez dakigu oraindik, delako film horren isiltasuna egiazkoa dela sinets dezakezue, neuk diotsuet.