argia.eus
INPRIMATU
Euskal gabon kantak:
abesbatzaren eta jazz laukotearen fusioa
  • Eguberri Umama.
    Basque Christmas Songs
    Juantxo Zeberio Etxetxipia
    Elkar, 2013

Olatz Korta 2013ko abenduaren 12a
Iñaki Epelde

Neguko solstizioko gau luzeenek Eguberriaren etorrera iragartzen digute. Kaleko argiek eta apaingarriek bazterrak alaitzen dituzte eta txiki-txikitatik abestu ditugun eguberri kantak nonahi entzutean, haurtzaroko ilusioa berpizteko keinuak indarra hartzen du.

Eguberri Umama, Basque Christmas Songs diskoan gure artean ezagunak diren hainbat Gabon kanta biltzen dira: Ator-ator, Oi Betleem, Orbelak airez-aire, etab. Tartean badira beste herrialdeetako kantu zoragarriak ere, hala nola Elurra mara-mara (Serge Jaroff), Noel-Noel (Frantzia, XVI. mendea).

Juantxo Zeberio Etxetxipia (Tolosa, 1968) pianista eta konpositoreak, abesbatza eta jazz laukotea uztartuz sorturiko hirugarren diskoa da, eta aurreko lanetan bezala –Umama!! (2003) eta Umama 2 (2007)–, oraingoan ere pianoa eta zuzendaritza musikala eraman eta abesbatza eta jazz laukoterakoko preseski egindako moldaketak beregain hartu ditu.

Proiektu honetarako aurreko lanetan kolaboratu zuten musikariengana jo du berriro ere. Eskarmentu handiko musikariak dira Hasier Oleaga (bateria), Mikel Andueza (saxoa) eta Gonzalo Tejada (kontrabaxua). Beste hainbat proiektutan elkarrekin lan egitea balio erantsia izan da, grabazio prozesua errazteaz gain musikari bakoitzak dakarrena aintzat hartzen baita.

Migel Zeberio anaia izan du alboan oraingoan ere, eta hirugarren disko honetan, aurreko edizioetan bezala, 2001ean sortutako Sustraien Ahotsa abesbatzaren zuzendaritza eraman du.

Eguberri Umaman hainbat abeslari eta musikarik hartu dute parte, besteak beste Elene Arandia, Ainara Ortega, Arantxa Irazusta, Jesus Mari Jauregi, Xabier Ormazabal, Xabier Zeberio, Iraide Ansorena eta Et incarnatus orkestra.

Zeberiotarrek, Martxoan zendu zen Iñaki Epelde lagun eta artista handiak egindako irudia aukeratu dute, beste behin ere, azken lanaren azala ilustratzeko.

Grabazioa urriaren amaieran egin zen Elkar estudioetan eta nahasketa eta ekoizpen lanetan Aurelio Martinez eta Victor Sanchez aritu ziren. Grabaketa hau egin eta CDa kaleratu ahal izateko, Juantxo Zeberiok crowdfunding ekimena jarri zuen martxan. Helburua, jarraitzaile eta zale askoren babesa eta laguntzari esker, hau da, norbanakoen ekarpenen bidez, proiektua finantzatzeko modu zuzena lortzea zen. Ordainetan, proiektua sustatzen dutenei sariak eskaintzen zaizkie: produktu esklusiboak, esperientzia bakanak, argitalpen mugatuak, merchandisinga, deskargak, etab.

Anbizio handiko lana izan da, ausarta eta berritzailea. Musikaren errealitate desberdinak arakatzea izan da Juantxo Zeberioren nahia, abesbatzaren eta jazz laukotearen arteko elkarrizketa modu natural batean ematea. Horretarako, herrikoiak diren abestiak modu pertsonal batean eta egungo ikuspuntutik landu ditu, jazzaren hizkuntzan oinarritutako bat-bateko soinuak abesbatzetako partitura zehatzekin bateratuz.

Zuzeneko emanaldiak honako egunetan eskainiko dituzte: abenduaren 13an, Tolosako Leidorren; abenduaren 15ean, Hondarribiko Itxas-etxean; eta urtarrilaren 2an Donostiako Antzoki Zaharrean.
Gabon giroan sartzeko. Senide edo lagun arteko epeltasunean zaudela goxo entzungo den diskoa. Asmatuko duzu.