Nola egin aurre Espainiako Kongresuak onartu berri duen LOMCE legeari? Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak 2020rako hezkuntza eredu propioa garatuko duen Heziberri ekimena eztabaidatu zuen joan den astean ikas-komunitateko hainbat eragilerekin; aurrerapausoa da, baina bitartean inposatuko zaigun erreformari nola erantzungo zaio? Madrilgo Gobernuarekin elkarrizketa eta negoziazioa defendatu du orain arte Uriartek, eta aurrerantzean ere legea EAErako leuntzen saiatuko den susmoa dute eragileek, hondamendia ahalik eta txikiena izan dadin. Baina “Euskal LOMCErik” ere ez dutela nahi eta bide bakarra erreforma ez aplikatzea dela argi du ikas-komunitateak.
Kataluniako Gobernuak egin duen moduan, Jaurlaritzak ere legeari (osotasunari, zati bati, edozein moldaketari…) irmoki uko egitea. Hori da hezkuntza komunitateko eragile ia denek eskatzen dutena, azken hilabeteotako protesta, agerraldi eta manifestazioetan argi geratu denez. Haatik, Uriartek, hizkuntza eta konpetentzia kontuetan eskua sartuz EAErako LOMCE alternatibo bat paktatu eta horretarako adostasun ahalik eta zabalena bilatu nahi ote duen, horren beldur dira asko. Horien artean, Ikoitz Arrese Ikasle Abertzaleak (IA) taldeko kidea. IA ez zuten bilerara gonbidatu, kurioski ez ikasle antolakunderik ez sindikaturik ez baitzuen gonbidatu sailburuak.
Intsumisioaren bidean, ikas-komunitatearen laguntza izango luke Jaurlaritzak (PPrena ezik), eta aldi berean, ikas-komunitateak instituzioen babesa izatea (Nafarroako Gobernuarena ez dutela jakina da) funtsezkoa litzateke desobedientziaren bide hori urratzeko. Azken finean, denon konplizitateak eta elkarlanak baino ez du bermatuko arrakastarako aukera. Badaude boikoterako formulak, baina irakasle, ikasle, guraso, ikastetxeko langile eta politikari, indarrak batuta soilik egin dakioke planto Wert erreformari. Indar horren erakusle izan da urriaren 12an legearen aurka eginiko manifestazioa eta horregatik, ez du inongo mesederik egin EAJk eta PSEk manifestaziora ordezkaririk bidali ez izanak (dauden estrategia eta beharbada helburu ezberdinen lekuko).
Laburrean, eduki homogeneo eta zentralistetan oinarritutako curriculum espainiarra, ikasle “txarra” lehenbailehen alboratzen duen ibilbidea, ezagutza memoristikoa eta akademikoa hobesten, konpetentzien filosofia baztertzen eta euskara kaltetzen dituen eredu ekonomizista ekarriko du lege berriak. Tinkoa izan zen erantzuna larunbatean: LOMCEri ez! Ez Espainiakoa, ez EAErako leundutakoa, ez inolakoa.
Ikasle Abertzaleak taldeak grebarako deia egin du martxoaren 20rako. Negozioen eta inposizioen hezkuntza borrokatu goiburuarekin manifestazioa ere eginen dute 12:00etan Iruñeko Foruen Plazatik aterata. Unibertsitatera sartu aurretik eta goi mailako ikasketak egiterako... [+]