Frantzisko aita santuak joan den astean lehen bidaia ofiziala egin du immigranteen egoera salatzeko. Lampedusara joan da, Sizilia hegoaldeko irla txiki hartan ohikoa baita immigranteak lurreratzea. Kalkulu batzuen arabera, azkeneko bi hamarkadatan 25.000 lagunek galdu dute bizia Siziliako kanalean. 2011n Libiako gatazka sortu zenean 2.700 hil ziren. Aita santuak lorez osatutako koroa jaurti zuen naufragioen itsasora. Immigrante afrikarrekin ere egin zuen topo; aldarea patera bat zen; gurutzea eta kaliza 2011ko udaberriko zorigaiztoko hiru gau haietan iritsi ziren itsasontzi zati urdinez eginda zeuden… Hildako askoren gorpuzkinak futbol zelai ondoko memoriaren hilerrian daude oraindik. Keinuak toki onean uzten du aita santua.
Immigranteen minaren aurrean “mendebaldeak duen egoismoa” kritikatu zuen eta “globalizazioaren axolagabetasunaren” kontra egin. Salatu zuen “munduan dagoen krudeltasuna, guregan, eta anonimoki erabaki sozioekonomikoak hartuz halako dramei bidea irekitzen dietenengan”. Barkamena eskatu zuen, “mundu mailan hartutako erabakiekin halako egoerak eta dramak sortu dituzten horien ordez”. Baina aita santuak ez zituen erantzukizunak zehaztu eta aukera ederra galdu zuen kapitalismoaren eta bere kudeatzaileen putzak agerian uzteko.
Ez dira erabaki anonimoak. NMFk, MBk, EBk, AEBek, Errusiak, Txinak, Indiak eta abarrek sortzen dituzte halako dramak. Instantzia zehatz horiek dira gerra eta gatazken arduradun, beraiek dira hirugarren munduko natur baliabideen lapurretaren erantzule, eta beraien erruz sortu dira gosete eta izurriteak. Euren erabakien ondorioz milaka immigrante itsasora doaz biziraun nahian. Kapitalismoak izen zehatzak ditu. Frantzisko aita santuak badaki. Eta munduan duen eragiteko gaitasuna ikusita, ekinbide ebanjelizatzaile ona izango litzateke izen eta abizenekin salatuko balitu!
"Segurtasun gehiago, inmigrazio gutxiago". Bruno Retailleau barne ministro frantsesa argi mintzatu da, kargua hartu berritan. Etorkinen gaineko kontrola azkartu nahi du Michel Barnier lehen ministro eskuindar-kontserbadorearen gobernuak, eta jada Retailleauk aitzinatu... [+]
Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]
Migratzaileen kopurua anitz emendatu da Irun eta Hendaia arteko pasabidean. Irungo Harrera Sareak ohartarazi duenez, otsailean 600 pertsona lagundu dituzte, iaz, urte osoan 2.700 izan zirelarik. Iragan urtarrilean, 2.700 etorkin heldu dira Kanariar Uharteetara, egunero 80... [+]