argia.eus
INPRIMATU
Langabetuei barre egiten diete

Juan Mari Arregi 2013ko maiatzaren 09a
PlanetaDeporte.net

Euskal Herrian 237.243 langabetu dago, biztanleria aktiboaren %16,4. Espainiako Estatuan langabetuak 6,2 milioi baino gehiago dira eta %27,2ko langabezia tasa dute. Frantziako Estatuan tasa %10,8koa da. Hori da gure errealitatearen argazki berriena. Bitartean, badaude pertsonak, gobernuak eta erakundeak, enplegu suntsiketan kolaboratzeaz gain, langabetuez barre egin eta lizunkeriaz aritzen direnak.

Langabetuez barre egiten dute Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Aldundiak eta Bilboko Udalak, San Mames berriari egindako diru ekarpenak medio. Langabetuei barre egiten diete foru aldundiek jokalari profesionalei egindako fabore fiskalekin. Barre egiten die Bizkaiko Aldundiak, saskibaloi klub bati 5 milioi euro eman eta Ogasunari zor diona barkatuz. Bilboko alkatetza ere langabetuez barrez ari da Iberdrola multinazionalari 20 milioi euro barkatzean. Espainiako, EAEko eta NFEko gobernuek lanik gabe dagoenari burla egiten diote milioika euro kostako duen AHTaren alde hitz egitean, tren antisozial horren etorkizuna zalantzan dagoen arren. Kutxabankeko presidentea barrez hasten da soldata milioiduna (463.500 euro) jasotzen duenero. Bankuetako presidente eta exekutiboek ere gauza bera egiten dute euren soldata eta pentsioekin: barre. Langabetuez barrez ari da onartzen duenak Santanderreko kontseilari delegatua –Neguriko herritarra– 88 milioi euroko pentsioarekin erretiratzea, eta Sareb edo “banku txarraren” presidenteak lehen hilean 32.916 euro irabaztea. PPren Gobernua barrez lehertzen ari da bere gainsoldata milioidunekin, eta CANeko historia tranpatian inplikaturik dauden UPNkoak ere beste hainbeste, eta Espainiako Errege Etxean hesteak botatzeko zorian dira, barrez, euren aurrekontu milioidun eta ustelkeriekin.

EAEko lehendakariak ere langabetuei barre egiten die, krisitik ateratzeko oinarrizkoa den nazio subiranotasuna ahaztu eta subiranotasun horren etsai direnekin paktatu nahi izan baitu. Barre eta lizunkeria krudel gehiegi dago hemen.