argia.eus
INPRIMATU
Erabili nautelako xahartu!

Iñaki Murua 2013ko maiatzaren 08a

Hauxe da nire nahia: ni aukeratu eta erabili nautelako xahartzea. Ez beste zentzu bateko erabili; ez irabazi asmoz ez izorratu nahian, hori ere ez, baina behar nautenean eta nik hartarako balio dudala iritzita, aukeratzen nauenak sano erabili ahal izatea eskertuko nuke. Beti izan du behar hori gizarteak; beti izan dira hainbat gauzatan “saltsero” ibili direnak eta, baita ezertan inplikatu nahi ezta bizia asko konplikatu dutenak ere. Herriko aitona batek esan zidan behin “heuri ondo egitea nahi baduk, hik ondo egin. Beti”. Zerbait (materiala) jasoko duzun ustean hasita baino hobe borondatez, musu truke.

Ez nau harritzen baina kezkatu bai, azken boladako erabilpen berri batek: zuhaitzenak! Alde batera, maite ez ditudan zuhaitzak dira panpanoak edo platanoak, bietara deituak gure aldean behintzat, herrietako plaza eta kasko inguruan, udazkenean hostoa biltzen sekulako lana jartzen dutelako, hostoa erori aurretik adarrak ebakita buru-soiltzen dituzten koittadu horiei. Azken boladan, eta oraindik hostoberritu ez direla baliatuz, zaborra poltsak dilindan, belarritakoak edo pierzingak gogoz kontra jarri dituzten kaskamotzak dirudite. Zaborrak sailkatuta dagokion ontzian uztea ez omen da erosoa.

Badago bada zer berrerabili eta zer birziklatu herri honetan, zaborretara botatzen dugunetik hasita. Duela urte batzuk, ardotara (gurean eta inguruko baserrietan) garrafoia, esnetara marmita, patata bila zakua... eraman behar izaten zen. Beharko berrerabili, almazenetan eta dendetan generoa bai, baina ontzia itzultzekotan izaten baitzen, eta ez beti! Eta zoaz gero hura itzultzera, gainera.

Birziklatu edo, hobeto pentsatu eta erabilpen berria eman, azulejoak jartzen dituenak hilabeteko lanaren truke irabazten duena ordu erdian lapurtzeko aurpegia eta diru-gosea daukan politikaria (zerbait deitu eta sailkatzeagatik). Ez zait bururatzen zertan jar genezakeen baina birziklatuta ere, nahikoa lan, hauek taxuzko zerbait egiteko gai izatea.
Papera birzikla daiteke; baita txatarra ere. Ez al genuke hobe € ere birziklatu eta Merkeli garesti saltzea, Burdinazko dama zendu berria Altzairuzkoak ordezkatu baino lehen? Eta Euskoaz zer dakigu?
Eta Euskoa aipatuta, euskara ere ezin isilik pasa. Berrerabil dezagun eta xahartu ahala berrituz doala jabetu. Aldiz, birzikla ditzagun ikasle bakarraren eskariz edo gurariz,  gela osoa castellanoz egitera behartu nahi duten epaileak.

Herritarrak aktibatzea zer da, birziklatzea ala berrerabiltzea? Dena den, gorago aipatutakoaz ohar daitezen eta paso egiteak zer suposatzen duen jabetzeko, ezinbesteko pausoa. Ohikoa izan behar lukeena, bestela, erraustegi beharrik gabe erre-erre eginda gaude laster!