argia.eus
INPRIMATU
Adin nagusitasunaren ikusmira
  • Harold

    Leihotikan

    Gor. Iraupena: 39´42´´

    Prezioa: 10€

Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2012ko irailaren 05
Disko berririk ez 2006tik eta iaz 18 urtetako kantuez osatutako bilduma. Talde iruindarrak atseden luzea hartu zuela uste genuenok erratuta geunden, beraien ibilbideko disko landuena egin baitute. Ohi bezala, kantu berriek hardcore melodikoari jarraitzen badiote ere, jokorako aukeratu duten zelaia zabala da. Elkarrizketan aipatutako taldeez gain, Leatherface ere gogora ekarri didate, baina hortik harago pop-rock, emocore, garage, eskola zaharreko punk-hardcore eta bestelako eremuetan ere irabazteko asko dutela erakutsi dute. Bestalde, oso berezia da Triana taldeko Jesus De La Rosaren kantu enblematiko bat beraien esparrura ekarri izana. Batzuek hardcore melodikoa nerabeentzat dela diote; bada, ez legoke guztia galduta nerabeek kantu hauetako hitzei arreta jarriko baliete.

www.leihotikan.net
"Euskal Harria-k garrantzi handiko elementua izan beharko luke gure nortasunean"

“Egun baten munduak akabatuko dira”. Hainbesteko krisiak, ustelkeria, gerra... Ez al dago bukaera hurbilago?

Den-dena gaizki eta oker dago eta Arestiren hitz horiek inoiz baino errealistagoak direlakoan gaude, guztia bukatzear dagoela ematen baitu.

“Euskal harria” zama edo gotorlekua da guretzat?

Euskal harria-k gure nortasunean garrantzi handiko elementua izan beharko luke, sekula ez dadila fosil huts bihurtu. Gure elementu horiek guztiak modu onean hartuta, denboraren poderioz sekulakoak izan gaitezke eta bide onean goazela iruditzen zaigu.

“Haien historiak mutilatzen gaitu”. Hasiak gara historia gu idazten?

Kontua ez da guk idaztea, baizik eta gertatutakoa ezagutzea. Hainbat sasi-intelektualek saltzen diguten historia interesatuaren kontrako kanta da, umilatuen historia ezagutu beharrean gara.

Begiz jota dituzue beti “Harold” izena duten pertsonaiak?

Izen bereko pertsonaia errealak baina nortasun, bizimodu eta garai ezberdinetakoak. Harold Whittlesen soinua lehenbizikoz entzuten agertzen den argazkia topatu genuenean oso azala zuzena, sinple eta polita izanen zela iruditu zitzaigun. Azalaren argazkiak jarri dio diskoari izenburua.

Bad Religion, Ezin Izan eta RKL aspaldi tatuatu zenituzten zuen larruan?

Hiru talde horiek garrantzizkoenetakoak izan dira gure soinuan, taldean jotzen hasi ginenetik entzun eta gozatu izan ditugu. Haien estiloetan aitzindariak izan ziren.

Leihotikan begira, nola ikusten dira gauzak 19 urteren bueltan?

Taldeari dagokionez, 19 urte pasatu izanagatik ere ez dugu denboraren kontzientzia hori mantentzen. Ukaezina da hasi ginenetik gure bizimoduetan eta musikan gauzak zeharo aldatu direla, baina aldi berean beti iruditzen zaigu Leihotikan taldeari dagokionez hasiberriak garela, beti hastapenetan gabiltzala. Aspaldi honetan aisialdi eskasa izaten dugu taldean buru-belarri aritzeko, eta hala ere ilusioari eusten saiatzen gara.