Euskal politikak garai berritan diharduenik ezin uka. Eta ez, soilik, politikagintzak irabazi duelako, oraintsu arte zenbait girotan –arrunt asko eta ezinbesteko bailiren– erabili ohi ziren terminologiak, mezu-motak eta aldarri-jarioak erabat zaharkitu eta zentzugabetu direlako baino.
Aldaketaren adierazgarri Amets Arzallus mugakumeak, mugez hain zuzen, jarritako bost bertso eder bezain zehatz eta doi, zeinetan bosgarrenak dioen: “Baina guk sartu nahi dugu denak doazen gurdian / pentsatu gabe zer kirats duen zulo horrek ipurdian / gero bizitza galtzen uzteko lau mugarriren guardian / beste zentzu bat bilatu gabe, garenaren izerdian / guk estatua nahi ote dugun mixeri horren erdian”.
Hausnar horrek zer ikusi gutxi du gero azken berrogei urtean bertso-girotan nagusi izan den erretorika arolarekin eta bai, ostera, euskal abertzaletasunak –Koldo Eleizalde, Ixaka Lopez Mendizabal eta Jose Eizagirre idazleen ordezkaritzaz– Lausanneko nazionalitateen kongresuan (1916) aldarrikatu zuenarekin.