Ez zait erraza azken hilabeteotako mugimendu politikoak, asko eta askotarikoak, eginak eta esanak, batzuenak eta besteenak, norabide argi batera biltzea. Kausala eta kasuala desberdintzea, unekoa eta perspektibakoa.
Izan ere, batzuen ibilbide-orria, ezker subiranistena, jakina da, traza nagusietan behintzat erreferente ezagunak ditu oinarri, Aietekoa eta Gernikakoa. Biak zein biak Euskal Herriak aurrean dituen erronka nagusi bien bati begira daude, gatazkaren konponbide integralari, funtsezkoa dena, eredu sozio-ekonomikoaren erronkari baldintza egokiagoetan heltzeko.
Beste eragile batzuen eremuetatik datoz dudak: nork bere eremuan, bide-orri estrategikorik ote duen, ezkutuan bada ere, edo egoera berria oztopatu nahi ote duen, denbora irabazi asmoz; oraingoak geroko edo, badaezpada.
Edozelan ere, orokorrean, panorama politikoa argituz doa, birkokatzeak ematen ari dira, ekonomian bezala politikan ere auskalokoa baitute epe motzeko eszenatokia. Eta epe motza ibili beharra dago epe luzera bidean; perspektiban. Epeak epe, iraganeko argi-ilunak medio, nahiko finkatuta dago gaur bi errailen eredua, teknikoa eta politikoa, baita bakoitzaren eremua ere: nork zer; noiz eta nola dira kontuak. Estatua ezinbesteko eragilea da abiapuntuan bertan errail teknikoan, Aietekoa gogoan, presoak bere esku dituelako. Baina ez errail politikoaren tarte handi batean, gerora beharrezkoa bada ere. Hortaz, errailetan politikoa da funtsezkoena, eta honetan ematen diren atzeraezinezko urratsek egin behar dute gero eta posibleago errail honetan alde-anitzera heltzea eta teknikoa abiatuta bere osotasunean bururaino eramatea.
Abian den errail politikoa oztopatzeko antsia sortzen ahaleginduko dira, Estatuaren itxikeriak eragindako ezintasun sentipena zabaltzen, aldebakarrean aritzeak bere horretan usteltzera eramango gaituelakoan. Noiz arte da ibilgarri aldebakarreko bidea? Tira, esan dezadan aurretik urtetan ibilitako bideak badakigu norantz generamatzan; hortaz, denbora eman behar zaio apustu-bide berriari, denbora urratsez betetzen, jakina. Helburuak ez dira lortzen egun batetik bestera, eragile sozialen bat abiadura handiko purutasunean kontrakoan tematu arren. Iragan hurbilak utzitako ikasgaia da prozesu politikoak trantsizio-prozesuak direla, hortixe ibilbide-orriaren beharra; marko juridiko-politikoan izan edo eredu sozio-ekonomikoan izan, ezkerreko subiranisten erronka nagusiak, aldaketek trantsizioa behar dute. Hortaz, tarteko helmugak inoiz baino beharrezkoagoak dira, pragmatismoz esanda; helbide hartuta eta ez helburu, jakina. Are gehiago, bide-orriaren traza nagusiak egunez egun hezurmamitu behar direnean, ilusio sortzaile eta dinamika berrien pizgarri. Ezin da ahaztu pertzepzio soziala ezinbesteko zutabea dela trantsizio batean.
Hortaz, aldebakarrean ibili beharko, gero eta sendoago, adostasun zabal berrietarako hesiak gaindituz, alde-anitzeko fasea gero eta ekidin ezinago eginez. Horren bidean gelditzerik ez, eta ezker subiranistek hiru esparru uztartzen jarraitu behar dute, mobilizazioa, ideolologikoa eta instituzionala, eta azken honetan ez oposiziotik bakarrik, boteretik ere, instituzio handi zein txiki, bestelako kudeaketa bidean, kontra-boterea bidaide, nork bere eremutik, bidean jarrera kontrajarriak uztartzeko ikasten. Asko dugu gure apustu-bidean ikasteko, seguruenik uste duguna baino gehiago.