Madril, 1973ko abenduaren 19a. Espainiako Gobernuko presidente Luis Carrero Blanco eta AEBetako estatu idazkari Henry Kissinger lehenengoaren bulegoan bildu ziren goiz hartan. 1968an Arma Nuklearrak Ez Ugaritzeko Ituna sinatu zenetik, AEBek, Erresuma Batuak, Frantziak, Txinak eta SESBk soilik zuten arma horiek garatzeko eskubidea, eta Kissingerrek ez zuen beste inor nahi klub hartan. Espainiar Gobernuarekin aurrez zeukaten akordioa luzatzeko joan zen Madrilera; 1955eko akordioak programa zibila –energia nuklearra– garatzeko aukera ematen zien espainiarrei, baina ezin zuten arma nuklearrik fabrikatu edo gorde.
Carrerok, aldiz, itun berria nahi zuen. Eta presioa egiteko txosten bat eman zion Kissingerri; txostenaren arabera, Espainia plutoniozko bonba atomikoa egiteko gai zen atzerriko laguntzarik gabe. Erregimen frankistak izen bitxia jarri zion arma nuklearren programari: Islero, 1948an Manolete zezenketari ezaguna hil zuen zezenaren izena. AEBek Espainiari elkar defendatzeko itunik eskaintzen ez bazion, nazioarteko baimenik gabe askatuko zuten zezena.
Baina Kissingerrek betaurrekoetako kristala bezain lodia zuen azala, eta ederki toreatu zuen espainiar Mihura. Txostenak ez zuen harritu, halako mehatxuak jasotzen ohitua baitzegoen. Eta ez zuen ezertan amore eman. Ez zuen presarik. Bazekien Nixon administrazioak ez zuela besterik onartuko Espainian diktadura indarrean zen artean. Eta bazekien Islero programa martxan jartzeko espainiarrek gutxienez sei urte beharko zituztela, eta erregimen frankista azkenetan zegoela. Handik bi urtera, 1975eko abenduan, Franco hil berritan, elkar defendatzeko akordioa sinatuko zuten AEBek eta Espainiak. Islero erabat baztertuta zegoen ordurako.
Baina Carrerok ez zekien hura bere azken ekitaldi ofiziala izango zela, espainiar bonba atomikoaren proiektuaren defendatzaile sutsuenak, bidean, beste bonba batekin topo egingo zuela.
Biharamunean, Kissingerrekin bildu eta 24 ordura, Carrero Blanco mezetatik irten zen eta betiko bidea egin zuen. Claudio Coello kalean ETAk prestatutako bonbak eztanda egin eta Carreroren autoa bete-betean harrapatu zuen. Goma2-z egindako bonbak presidentearen plutoniozko ametsak suntsitu zituen. Ogro-ak zezena harrapatu zuen.
Pamplona, 1939. At the beginning of the year, the bullring in the city was used as a concentration camp by the Francoists. It was officially capable of 3,000 prisoners of war, at a time when there was no front in Navarre, so those locked up there should be regarded as prisoners... [+]
This text comes two years later, but the calamities of drunks are like this. A surprising surprise happened in San Fermín Txikito: I met Maite Ciganda Azcarate, an art restorer and friend of a friend. That night he told me that he had been arranging two figures that could be... [+]