Duela hamazortzi urte, abenduaren 14an, berriro jaio nintzen, seme gaztearen giltzurrunak ematea erabaki zuen eta ezagutzen ez dudan familia bati esker. Uribe Kosta inguruan zebilen furgoneta baten kargak buruan jota hil zen gaztea. Bere giltzurrunetako bat niri “tokatu” zitzaidan... Gazte horren senideei esker, beste hamazortzi urtez bizi izan naiz. Beti izan dut familia hori ezagutzeko eta nire esker-ona azaltzeko gogoa, dialisiarekin bost urte luze eta latz eman ondoren, ihesi zihoakidan bizitza eman baitzidaten. Organo hura garaiz iritsi izan ez balitz, askoz lehenago galduko nukeen bizia. Berriki hil naiz, pasa den azaroaren 30ean, eta amorrazio gehien eragin didana nire gorputzean bizirik zegoen giltzurrun hori –nire heriotzak ez du zuzenean zerikusirik izan egoera ezin hobean zegoen giltzurrunarekin– beste inork, nik bezala, jaioberritzeko aprobetxatu ez izana da.
Ezagun ditut organo emaileen anonimotasunari buruzko protokoloak. Hala ere, gaztearen senideei hamazortzi urte gehiago eman zizkidan giltzurrunagatik eskerrak eman nahiko nizkieke. Bizirik nintzela ez nuen lortu, orain “beste dimentsio” batean nago, eta, mezu hau iristen bazaie nire bikotekidearekin (Juan Mari Arregi) harremanetan jartzea nahi nuke; helbidea aldizkari honetan lor dezakezue. Nik biziraun nezan organo haiek urgentziaz eraman zituzten erizainei, medikuei eta anbulantzia gidariei ere eskerrak eman nahi dizkiet, transplanteak koordinatzen dituen talde osoari ere bai.
Halaber, transplante ebakuntzan parte hartu zuten mediku eta erizainei, eta azken hamazortzi urteotan aldian behingo berrikusteen bidez lagundu didatenei eskerrak eman nahi dizkiet. Bereziki, Basurtuko Ospitaleko Cabrera eta Vigón doktoreei, transplantea baino lehen dialisi urte gogorretan lagundu zidatelako. Transplantea egin zidan Amenabar doktoreari, eta transplantearen ondorengo hamazortzi urteetan, Gurutzetako ospitalean berrikusteak egin zizkidaten Sofia, Lampreabe, Muñiz eta gainerako doktoreei. Ez ditut ahaztu hainbeste ospitaleratzeetan lagundu nauten Gurutzetako eta Basurtuko Larrialdietako langileak. Hau da nire azken mezua: bizitza maite duenak jakin dezala, egunen batean hil arren, bizitzak beste pertsona batean jarraipena izan dezakeela, organoak eman baditu.
Giltzurrunetakoa ez da bizitzan izan dudan gaitz bakarra, eta horregatik, duela hogeitabi urte, artean dialisia hartzen nuela, Basurtuko Ospitalean bihotz ebakuntza larri eta zaila egin zidaten mediku eta erizainei ere eskerrak eman nahi dizkiet. Gogoan ditut, bereziki, ebakuntza egin zuen Zuazo doktorea eta azkeneraino jarraipena egin zidan Arrillaga doktorea. Azkenik, urte hauetan lagundu didazuen eta nire agurrean parte hartu duzuen senide eta lagunei eskerrak eman nahi dizkizuet. Bereziki Maribe, Txaro eta Pedro aipatu nahi nituzke. Maite zaituztet. Ez izan triste, egun zoriontsu baten ondoren heldu baitzitzaidan ordua.
Beste dimentsiotik: agur eta beti arte.
* Teresa Monge Martinez Argiako kazetari Juan Mari Arregiren (Daniel Udalaitz) bikotekide zendu berria da.
Just as we experienced the flourishing of the Basque Country with the help of the artists, so that this time, taking advantage of their impulses, we continue to make our way together giving the necessary support to the Basque political prisoners, exiles and deportees
The... [+]
EMEADEDEI + MAHL KOBAT
WHEN: February 2nd.
IN WHICH: In the youth center of Zuia, Murguía.
----------------------------------------------------
On September 20 of last year, we first heard about collective music in the profile of the social network they had just created:... [+]
Otsailaren 13a Torturaren Kontrako eguna izanki, Euskal Herriko Torturaren Sareak gutun publiko bat igorri du. Poliziek torturatu euskal jendeen lekukotasunak bildu, eta aitortza egiteko xedea du sare berri horrek Euskal Herri osoan. Torturatuak izan diren 5.000 pertsonei... [+]