ETAk behin betiko armak utziko dituela iragartzearekin batera, bukatu da Euskal Herriaren historiako kapitulu bat. Ahaztu behar ez den kapitulua, baina gizarteak aspaldi amaitu nahi zuena. Iritsi da eguna eta orain, bakeaz hitz egiten hasi behar da.
Bakea, herdoilak janda dagoen hitz hori, berriz erabilgarria izan dadin garbitu eta edukiz bete behar dugu. Bakea helburu politikoak lortzeko biolentziarik ez erabiltzea baita; baina bakea da gatazka politikoa dagoela onartzea ere; bakea da konfrontazioak ekarritako sufrimendu oro desagertzea, eta bakea da eskubide zibilak eta politikoak herritar guztientzat berdinak izatea. Eta herritarrek euren etorkizuna askatasunez erabakitzea, hori ere bakea da. Berba bakarra eta hamaika esanahi: horiei guztiei gorputza ematea denon zeregina da, eta Argia egiten dugunok, euskarazko hedabideetan dihardugunok oro har, erronka berezia izango dugu datozen urteetan hitza janzten.
Ateak zabaltzeko tenorea da. Gure historia hurbilak utzitako lezioak ezin dira ahaztu irekiko den garai politiko berrian. Azken bi mendeetan Euskal Herrian izan diren gatazka armatu guztiek ezaugarri berdina dute: armak isiltzean ez dela bakerik izan, alde baten garaipena eta bestearen porrota baizik. Iragana garbi mintzo da horretaz, garaileen eta galtzaileen jokoek odol erreka berriak ekartzen dituzte-eta beti. Hori ez errepikatzeko abagune historikoa da oraingoa. Inoizko aukerarik onena, beharbada. Tresnak eskura daude: elkarrizketa eta negoziazioa. Horiek erabiliz denek irabaziko duten egoera sortzea da helburua, behar diren neurri guztiak hartuz. Borondatea da ate hori ireki dezakeen giltza bakarra.
Tartean, lan eskerga geratzen da azken hamarkadotako gatazka bortitzak pilatutako ondorioak gozotu eta konpontzeko. Sufrimendu asko eta handia egon da alde guztietan, oraindik odoletan dirauen sufrimendua. Egoera berriak zaharra gainditu dezan, min horiek arindu eta sendatzea ezinbestekoa izanen da, eta berriro gerta ez daitezen neurri eta berme garbiak ezartzea.
Eta abertzaletasunak, zer? Oztopo gaindiezin bilakatu zen ETAren jarduna familia abertzaleen eta oro har euskal herritarron erabakitze ahalmena defendatzen duten jendeen arteko gutxieneko adostasuna lortzeko. Orain konfiantzaz ekin behar diote alderdiek Euskal Herriaren subiranotasunaren aldeko elkarlanari, luzamendutan ibili gabe, sortuko diren unean uneko desadostasunak inteligentzia politikoz maneiatuz. Handia da beharra (hitzaren bi zentzuetan). Are handiagoa ordea, irabazteko dagoena.
Guztiaren gainetik, herritarrek profitatu beharko dute momentua euren kezkak eta aldarriak entzunarazteko, biharko Euskal Herriak, bestelako Euskal Herri horrek, erabateko aitortza edukitzeko urratsak emateaz gain, justizia soziala eta gizon-emakumeen arteko berdintasuna izan ditzan ipar, etorri berri direnek eduki ditzaten bertan jaiotakoen eskubide berberak, kontzientzia ekologikoa sakon errotua, irakaskuntza eredu aurrerakoia, kulturgintza berritzailea eta euskara eguneroko zeregin orotan normalizatua.
Orrialdea pasatzera goaz, kapitulu bat fini da azkenik eta hurrengoa hasiko da. Ez da kazetarien lana etorkizuna igartzea. Egunerokoa kontatzea, aztertzea, interpretatzea dira prentsalarion ohiko zereginak. Baina gauza batez seguru gaude: datorrena datorrela Argiak hor izan nahi du, gertatuko diren gorabehera guztien berri ematen, zubigintzatik, sakontasunetik eta independentziatik.
From linguistics or glotophobia and, of course, hatred against Basque, we have often seen our Basque become the dandruff of all sticks. Last of all, the president of Kutxabank, Anton Arriola, has been shaking our language and giving us galantas.The President of Kutxabank,
... [+]
Do not look for this connection from Ezkio or Altsasu, let alone crossing the Ebro River through Castejón. The connection, or rather the connections, between the Basque Y and the AVE of Navarre is already a reality. It is these links in the plural that should concern us and... [+]
Don't make a fuss, don't confront, don't victimize... and obey. As oppressed subjects, in this case as Basques, we talk, how many times have we had to listen to them? Ironically, two years ago, at the Euskalale Independentiston Meeting, Esne Arzallus said: "We have arrived here,... [+]