Errenteriako Jon Miner zakur zaharra da euskal musikaren alorrean. Talde askorekin gitarra jotzaile aritu da eta soinu teknikari gisa beste batzuen maketa eta diskoak grabatu ditu. Azken urteotan, baina, lagun batzuekin Intxixu Lotien Banda osatu eta frontman lana egiteari ekin dio, mikrofonoa ere bereganatuz. Honako lanean hainbat euskal idazleren (Castillo Suarez, Miren Agur Meabe, Koldo Izagirre, Igor Estankona…) poemak hartu eta bestelako bizitza eman die musikatuz. Bada rock’n’roll gitarreroa duen piezarik, Stones eta Neil Young ez daude urrun jomugatik, blues eta countryaren eremuak laztantzen dituenik ere aurki daiteke; eta Britainia Handiko new wavearekin, bossarekin, cha-cha-charekin eta elektro-poparekin ere ausartu da. Eskaintza xumea dela esango du, baina aldi berean gertukoa eta sinesgarria da.