argia.eus
INPRIMATU
Ruper Ordorikari esker, elkarrekin gara
  • Haizea Garizumakoa (Elkar, 2009). Ruper Ordorika

    Bi urte dira jada Haizea Garizumakoa gure begien distirak areagotuz dabilela. Lagun zaharrekin elkartzen naiz oraindik ere, inoizko garizuma irreal honetan.


    Urrun, urrun, bihotzeko lagun, hola deitzen ninduzun, bihotzeko lagun. Non da orain lehengo berba goxoa? Oihartzun da egun, bihotzeko lagun.

Mikel Asurmendi @masurmendi 2011ko martxoaren 08a
ruper ordorika

Zure etxera goaz, bidean gora, hasiberrien pozaz, baratza da eder-eder, erreka aldea ere, munduak badu onik, egin dezagun kantuan goxoki.


Edertasunaz mintzo ziren, harrapa ezinaz. Askatasunaz mintzo zinen, baita gogotik ekin, borrokara emana eta bizitza dohainik.
Bizitzaz mintzo gara orain, hango geroa heldu da, bete gabeko asmoez, kalteaz eta ordainaz. Baina denbora ihesi doa berandu baino lehen, tori, kantutxo hau zuretako da, adixkide, ondo bizi.


Garizuma heldu da, berriz ere, hil honen 9an. Ruper Ordorika jaun kantari txit gorenari esker berben irule eta kantari ari gara elkarrekin.
Hona hemen okerreko belaunaldikook, ezertan asmatu ez dugunok. Norbere lotsaz ardura dadila, gu geureaz arduratzen bezala. Adio atzoko amets gaiztoa, bide estuetatik ere aurrera goaz.


Axular gurekin bildu da Olhabideko bordan. Ateondoan jazarri gara, urratsa nola aurrera eman: “Ez baitaiteke zauria senda elorria barnean deino” diosku aztiak.


Jakina da den guztia ez dela konprenitzen ahal, alabaina nonbait beharko dugu atzeman elkarmin honen gakoa.
Ihesi nahian dabil ene burua, ilargi beteak erakartzen ura. Gora eta behera dabil ene gogoa, ez daki zuzen nondik nora joan.
Goizean goizik, zubi zaharrean, gizon bat ikusi dut errekara begira, ur lasterrari otoitz eginez bezala: doazela errekan behera gizakien minak, doazela zauri horiek guztiak osatzera itsaso gazira.


Sekulabelardiko kantaria eta Bertolt Brecht batu zaizkigu bidean: “Bizitzea irriz hartu behar da, ez alferrik gal kemena, maitatu une oro, biharko hemen ez bazina”.


Hogeita hamar urte luze iragan dira izuen gordelekuetan barrena ihes egin zenuenetik. Alta bada, gauza ttikien erresuman hutsune handia bete duzu harrezkeroztik.


Atahualpak eta Etxahunek zabaldu dute berria: “Buenos Airesetik Barkoxera Iurreta bitarte, aiduru duzu euskaldun jendea”.

Ruper Ordorikak abestu
eta Mikel Asurmendik entzun bezala.