Arantxa Urretabizkaiak hirugarren nobela du 3 Mariak, eta testu honetan ere, literatur pertsonaia protagonista femeninoak hari narratiboaren ahots nagusi bilakatu ditu. Arantxa ez da alferrikako lanetan ibili, izan ere, literatur pertsonaia hauen ibilbidean eta ahotan zerbait berria jarri du. Zergatik Panpox (1979) eleberriko protagonista, ama abandonatu bat genuen, 70eko hamarkadan feminismoak mahai gainean jarri zituen gaien inguruan gogartu zuena. Hurrengoan, Koaderno gorriako (1996) ama azaldu zitzaigun, eta Urretabizkaiak naziogintza eta amatasunaren artean zegoen urruntasunaren aurrean hausnartzera eraman gintuen. Oraingoan, zahartzaroa hartu du gaitzat eta hiru emakume zaharren ahotsa jarri nahi izan du gerraostearen inguruan hitz egiteko. Hau ez da berria ordea, izan ere, lehenik gizonezko literatur protagonisten bidez gerra ardatz tematikoa bilakatu baita eleberrigintza garaikidean (Izagirre, Saizarbitoria…) eta emakumezko literatur protagonisten begirada ere ikusi dugu gerrari so (Montoya, Jaio, Alberdi).
Urretabizkaiaren gerraostea, ordea, bizitzaren marra bat da, non hiru lagunek elkar ikusteari uzten dioten: bat lehen ahotsa eta protagonista nagusia (Mari Txuri) Euskal Herrian geratuko da; bigarrena, (Mari Gorri) erbestera joan beharrean izango da; eta hirugarrena, (Mari Haundi) gerra irabazitakoekin, handiekin galduko da. Baina zahartzaroa etorritakoan, alargundutakoan, hirurak bat egitea bihurtzen da protagonista nagusiaren xede. Eta hori da, benetan, eleberri honen berrikuntza. Mari Txurik esaten digu zahartzaroa ez dela memoria soilik, zahartzaroa egunero modu duinean bizi behar den bizilegea dela, egitasmo bat dela.
Gaiari lotuz egindako ekarpenaz gain, eleberriari suspensea emateko, absentziaz baliatzen den hirugarren protagonistaren jokoa eskaintzen digu Urretabizkaiak: Mari Haundirena. Mari Haundi misterioa baita hasieratik bukaera arte eta horren peskizan ibiliko da irakurlea. Mari Gorri, izenak berak dioen modura, zahar transgresorea izango dugu, eleberriaren ikuspegi semantikoa edota esanahia, eta Mari Txuri, berriz, paper zuria idazteko eta kontatzeko prest dagoen bezala, etorkizunean aldaketak egiteko prestu azaltzen dena. Beraz, pertsonaia-eleberri honetan, gaiari dagokionez, berrikuntza Gorrik ekarriko du; halaber, Urretabizkaiak Mari Txuriren hizkerari darion sintaxi neurtua, aitzakia literario bihurtuko du ohituta gaituen kontatzeko era natural eta zuzena eskaini ahal izateko.