Almeriako Unibertsitateko (Espainia) ikerlari talde batek gizakiok elikatzeagatik sortzen dugun karbono dioxido kantitatea neurtu du.
Azterketa Espainiako biztanleen datuekin egin dute, eta The International Journal of Life Cycle Assessment aldizkarian argitaratu. Batez beste, pertsona bakoitzak 881 kilo elikagai kontsumitzen du urtean, eta epe berean bi tona karbono dioxido emititzen du.
Kalkulu horiek egin ahal izateko jakien produkziorako nekazaritza eta azienden langintzak, industri transformazioa, prestaketa eta sukalde-lanak, hondakin solidoen trataera eta gizakien gorotz kantitatea aztertu dituzte. Azken horri buruz zera diote ikerlariek: “Gizakiaren kakek eragin zuzena dute ibaien eta itsasoen kutsaduran, baina ez berotegi efektuan, sortzen den karbonoa fotosintesiaren bidez orekatzen baita”.