Minnesotako Unibertsitateko (AEB) William Hutchison ikerlariak zuzendutako eta Science aldizkarian argitaratutako azterketa baten arabera, arto transgenikoak onura ekonomiko handiak ekarri dizkie AEBetako nekazari askori.
Azterketa horren arabera, 1996an Ostrinia nubilalis intsektuarekiko erresistentea den Bt artoa merkaturatu zenetik, irabazi galantak izan dituzte arto mota hori erabili duten baserritarrek, baina baita erabili ez dutenek ere. Nola liteke? Batez ere artasoro ez-transgenikoak artasoro transgenikoetatik hurbil zituzten nekazariek izan bide dira irabazi ederrak izan dituztenak. Hutchisonen lantaldeak dioenez, arto transgenikoaren eraginez intsektu populazioa asko murrizten da, eta horrek mesede egiten die hurbil dauden artasoro ez-transgenikoei. Hazi ez-transgenikoak merkeagoak direnez, horiek erabiltzen dituzten baserritarrek etekin handiagoa lortzen dute, azkenean, transgenikoak erabiltzen dituztenek baino.
Ikerketaren emaitzak berehala zabaldu dira lau haizeetara. Alabaina, Hutchisonen taldeak ez du aipatu artasoro ez-transgeniko asko transgenikoekin kutsatuta daudela, ez eta Monsantok, Bt artoa saltzen duen enpresak, patente-eskubideak ordaintzeko eskatzen diela kutsatutako lurren jabeei, sarritan epaitegietara joz. Zenbait webgunetan gogorarazi dutenez, komeni da kontuan hartzea ikerlana sinatu duten hamazortzi zientzialarietatik bostek nekazaritza-enpresa handiekin lotura daukatela. Seguruenik ez dute jasoko transgenikoen kalteen ebidentziak aurkitu dituzten ikerlariek adina egur.