argia.eus
INPRIMATU
2010eko Basarri Saria irabazi duen sorta.
Kabuletik
Aitor Albistur 2010ko irailaren 14a
Aitor Albistur
Lander Arbelaitz

I         
Afganistan,
zaharrago
direnentzat,
lur oparo
eta fina
zen zeharo,
gerra baino
lehenago.
Irailaren
hamaikaro
pentsatu ohi
dut luzaro…
Irailaren
hamaikaro
tristuraren
menpe nago.
 II
Bi hegazkin
haien muga
bi dorreen
egitura
zenez, joan
zen zorura
euren fama
zen altura…
Ahaztekoa
ez den hura
maiz bihurtzen
da ahanztura.
Ahaztekoa
ez den hura
ahaztezina
bihurtu da!
III
Haur bat nintzen
garai hartan
baina egun
gauden datan
oroitzen dut
zein eratan
sartu ziren
gure estratan.
Yankeeak non,
gu zelatan
ihesean
tarrapatan.
Yankeeak non,
gu zelatan
euren beldur,
babes faltan…
IV
M-16
fusilaren
soinupean
bizi garen
makina bat
afganoren
patua nork
daki zein den?
Hainbat zibil
hil ondoren
ene zeinen
lasai dauden!
Hainbat zibil
hil ondoren
nork daki non
den Bin Laden?
V
Hilketatik
hilketara
gertukoen
hiletara
doanaren
begitara
hura bere
hileta da…
Infernurik
bada, jada
alde egin nahi
dut bertara!
Infernurik
bada, jada
ezagutzen
ari gara.
VI
Bizi izan
ditudanak
esplikatzen
dauzka lanak,
bai apaizak,
bai imanak,
bai Bibliak,
bai Koranak.
Marineak,
musulmanak,
zer egingo
du Obamak?
Marineak,
musulmanak,
nortzuk dira
talibanak?
VII
Errusiak
hondamena
hasi zuen,
jarraipena
talibanek
eta azkena
da Estatu
Batuena…
Etsaiaren
etsai dena
ez da izan
salbamena.
Etsaiaren
etsai dena
ez delako
lagunena…
VIII
Pashtunistan
enparantza
indarrean
den triskantza
gogor honen
testigantza
emateko
gai da antza…
Azkar noa
etxerantza
hasi baita
bonba-dantza!
Azkar noa
etxerantza
hil ez dadin
esperantza…

Doinua: “Itsasoa laino dago”.

Bidali zure sortak bertsoak@argia.eus helbidera. Aukeratuak orri honetan argitaratuko ditugu.