Hego Euskal Herrian, urtean 100 lan-istripu inguru ematen da –47 heriotza 2010ean–, baina LABeko Iker Espolosinen eta Ibon Zubielaren hitzetan, datu ofizialak ez dira zuzenak, jende asko ez baita estatistiketan sartzen, lurpeko ekonomiagatik, autonomo izateagatik, azpikontratengatik… edota enpresen presioagatik: zergatik deklaratzen dira hainbeste istripu arin eta hain larri gutxi? Zergatik igo dira bajarik gabeko istripuak eta gainontzekoak gutxitu? “Zenbat eta prekarietate handiagoa, orduan eta segurtasun gutxiago. Entrega datak atzorako direnean, denborarik ez dagoenean eta ez daukagunean neurriak hartzeko eskubiderik, istripuak gertatzea errazagoa da”, diote.
Lan-istripuen atzean bospasei kausa daude batez beste; arruntenak: lan antolamendu edo prozedura desegokia, neurri nahikoak ez dituen makinaria, prozesu produktiboen protokolo gabezia, prebentzioaren gestiorako sistemarik ez izatea –adibidez, estali gabeko zulo bat–, eta ezaugarri pertsonalak –halako ez izatea lan horretarako egokia–. Sindikalistek salatu dutenez, ordea, partean honakoak irakurtzen dira gero: “Istripuaren kausa: korrika zihoan. Konponbidea: polikiago joatea”, kontuan hartu gabe lan horretarako prestatua al zegoen, eremua segurua al zen eta adierazia al zegoen…
Formakuntza falta ere kausen artean dago, baina aitzakia ere izaten dela nabarmendu du Zubielak: “Ikastaro bat eskaini eta kito, prestakuntza emana, zuk jakin behar duzu nola egin… Eta bai, nik badakit nola egin, baina ez daukat lana gestionatzeko gaitasuna, ez ditut baliabideak eta ezin da erantzukizuna nire gain utzi. Gainera ikastaro eskasak dira, ordu pare bat, sinatu eta aurrera”. Espainiako Estatuaren Lan Ikuskaritzak du Hego Euskal Herriko prebentzioaren ardura, eta erakunde oso burokratizatua dela dio Zubielak, baliabide falta izugarria duena. Europan ikuskari bat dago 8.000 langileko; Hego Euskal Herrian eta Espainiako Estatuan oro har, 20.000 langileko bat.