Iñigo Azkona
Krisi berbak komunikabide guztiak betetzen ditu. Egunkariek azaletan agertzen dute, telebistetako programa guztietan aipatzen da, irratietan analisi “sakonak” egiten dituzte... Burtsei segimendu burutsua egin, langileok aspalditik krisi benetan larria pairatzen ari garela ahazturik.
Gobernuek, estatuetakoek zein Baskongadetakoak edo Nafarroakoak, egin duten lehenbiziko gauza erantzukizuna eurengandik oso urrun botatzea izan da: hidrokarburoak, sub-prime hipotekak, euriborra... Eta saltzen duten kontsolamendu bakarra beste batzuk baino hobeto gaudelako irudia da. Hasiera batean Ameriketako Estatu Batuetako krisialdia izan omen zena, behin gerturatuta, bankari gutxi batzuen diru-gosea eta ardura falta omen da. Edozer eurek zuzenean sostengatzen duten sistemak berak sortu duen arazoa dela onartu baino lehen.
Hala ere, aipatutako gobernu eta gobernu txiki hauek guztiek bat egin dute mundu zabalean praktikan ipini diren neurriekin: bai hipotekekin langileok itotzen gaituzten bankuen “erreskaterako”, bai azpiegituretan milioikako inbertsioak egiteko enpresen mesederako, bai enpresariei laguntzak emateko... Zerbitzu sozialetan gastatzeko ez omen dagoen dirua orain ezerezetik sortu eta mugimenduan jarri da, hori bai, interes pribatuak sustatzeko eta laguntzeko.
Langileoi, bien bitartean, “gerrikoa estutu behar dugulako” mezu bakarra helarazten digute, aspalditik nahiko estu ez bageneuka legez. Azken hamabost urteotan enpresen irabaziek komunikabideetako orriak eta orriak bete izan dituzte, aurpegi irribarretsuak elkarri zorionak ematen. Honela, enpresen irabaziak %70 baino gehiago hazi diren bitartean, langileon soldatak %4 murriztu dira. Eta orain irabazien “pribatizazio” basati horren ostean euren galerak “sozializatu” nahi al dituzte? Jakin badakigu instituzioen laguntza horiek guztiek jasoko dituzten berberak aprobetxatu nahi izango dutela langileon baldintzak are gehiago kaskartzeko eta irabazien jaitsiera ñimiñoenaren aurrean kontratuak ez berritzeko edota espedienteak zabaltzeko.
Errotiko aldaketa behar dugu, kapitalak inposatu duen ereduaren errotiko aldaketa ekonomiko eta soziala. Bide horretan aktibatu behar gara sindikalismoa eta bestelako herri sektoreak, gaur egungo indar korrelazioari behingoz buelta eman diezaiogun. Hortxe dago koska, zabaltzen ari den ke guztiaren gainetik.