Pello Zubiria eta Malores Etxeberria
"BERE GARAIAN ARGITU NUENA BETIKO FROGA BEDI. EZIN DUGU BETI HUTSETIK
HASI"
|
"Tomasen
Borda" ataritik pasatzen direnek etengabe agurtzen dute Pello.
Elkartasun handia sumatu duela eskertzen du Egunkariako lehen zuzendariak,
eta Argiako zuzendariaren ondokoak. Maloresekin eta biekin berregin
dugu, batak kanpotik eta besteak barrutik bizitakoa. |
Atereaz geroztik, hamaika lagunekin
aritu zara hizketan, eguneroko bizimoduari ekin diozu... Zer egoeratan
zaude?
PELLO: Kokatu nahian nabil. 30
egunotakoa niretzat nahiko traumatikoa izan da, baina Hernanin bizi naiz.
Eta Hernanin guardia zibilak zer diren, urte mordoan preso egotea zer
den, eta hortik aurrerakoak, jende askok badaki. Herri honek asko sufritu
du. Beraz, nik ez dut haientzat ezer berririk kontatzeko. Nire kasua agertzeak
balio badu jende bat konturatzeko hemen gauzak nola dauden, bada, ondo.
Baina nire kasua ez da apartekoa.
Eta zu, Malores?
MALORES:Sekulako lasaitua hartu
dut. Berriz nire lanean hasi naiz, pozik, pelikula txar bat bizi ondoren
betiko bizimoduari ekin diodalako. Aldi berean, batzutan iruditzen zait
oso tarte motza pasatu dela, eta bestetan ikaragarri luzea izan dela.
Hainbeste gauza gertatu da!
Zein da zure egungo kezka?
PELLO:Ordenadore, material, agenda,
eta libururik gabe gelditu naiz. Biluzik utzi naute, ezer gabe. Inpunitatea
lehen unetik hasten da. Tartean eraman dizkidate nerabezarotik hasi eta
orain arterainoko agendak ere. Kazetaritzak badu osagai konfidentzial
garrantzitsu bat. Kazetariok ez ditugu apuntatu behar ez diren gauzak
apuntatzen. Ez poliziaren beldur garelako, guk lortutako informazioa ondokoak
ere jakiterik nahi ez dugulako baizik. Sekretu profesionala aduzitzen
dute kazetariek epaiketan, baina zer sekretu profesional dago, gauza denak
zaku batean eramaten badituzte? Orain kazetari lanetan hasteko, pentsatu
egin behar dut nondik abiatu.
Gutxien esperotako liburuak ere eraman dizkidate. Dietak
egiteko erabiltzen dudan elikadurari buruzko bat, adibidez.
MALORES: Ez dakigu zer
eraman duten ere. Esaterako, aurrezki kutxetako libretak eraman zituztela,
lau egun pasatuta konturatu nintzen.
PELLO: Nire gauza guztiak
eramaten hasi ziren unean, ordura arte egindako dena hasi zitzaidan buruan
nahasten. Burura etorri zitzaidan aurreneko "LARRUN" egin genuenean,
1984an, Eustakio Mendizabal "Txikia"ren biografia egin genuela.
Zenbat jenderekin hitz egin genuen orduan! Honez gero zenbakiak aldatuta
egongo dira, baina "telefono guzti horiek hor ote zeuden?" pentsatzen
nuen.
Nola gogoratzen duzue atxiloketa?
PELLO: Atxiloketa bat jasan duen familiek
badakite zer den hori. Ez dago ezberdintasun handirik besteekiko. Armairuak
adinako gizonak sartzen dira armekin... Ikuskizun hutsa da. Ni edo Ben
Laden berdin atxilotzen dute, euren protokoloa betetzen dute.
MALORES: Umeak logelatik
jaitsi arazi zituzten eskaileretan behera, Guardia Zibilek armak gugana
zuzenduta zituzten artean...
PELLO: Andreak eta umeak
sukaldean utzi, zu etxea miatzera eramaten zaituzte, eta ez dituzu gehiago
ikusten. "Gero arte" esaten ere ez dizute utziko. Kotxera sartu,
eta desagertu zara.
MALORES: Atea itxi eta
korrika miatu nuen etxea, ea Pello nonbait bilatuko ote nuen. Etxe osoa
pasa, eta Pello falta, noski.
Handik Argiara eraman zintuzten...
PELLO: Bai, eta nire lanpostua
zein zen galdetu zidaten. Esan nien bi urte badaramatzadala tarteka bajak
hartuz. Bazirudien ni zuzendaria nintzela, eta esan nien ez nintzela hala.
Baina esango nuke bazekitela non zeuden nire gauzak (halakoetan paranoiak
ere sortzen dira, ea gauez norbait sartu izan ote den, edo norbait aritu
den galdezka...). Ni eraman, eta han gelditu ziren miatzen.
Bazenekien Egunkariaren kontuagatik
eraman zintuztela?
PELLO: Ez. Esan zidan ETArekiko
lotura salatzen zidatela. ARGIAko irakurleak badaki zer pentsatzen dudan
gauza askori buruz. Horregatik, ezin nuen ulertu salaketa hori. Pentsatzen
hasi nintzen: nire zein lagun egon ote liteke orain saltsaren batean,
edo iparraldeko nor, edo nire anaietako zein, edo eraman duten Hernaniko
norekin egon ote naiz ni... Mila gauza pasatu zitzaizkidan burutik. Kotxean
galdezka hasi zirenean, ikusi nuen nondik zetorren guztia.
Kontatu kotxeko bidaia...
PELLO: Nik dudan erreumarekin hainbeste
orduz buru makur joatea ez da samurra, baina bestela ez ninduten gogorregi
hartu.
Galdezka hasi ziren. Ez dakit magnetofoi txiki bat zen, edo zuzenean mugikorretik
pasatzen zituzten galderak eta erantzunak zentralera. "Egunkaria"ri
buruz hasi zitzaizkidan galdezka. Berehala konturatu nintzen zer bilatzen
zuten: ETAk jarri omen zuela "Egunkaria"ko zuzendaria. Istorio
hori argitu nuen bere garaian, argitu behar zen lekuan. Ez hori bakarrik,
Espainiako Auzitegi Nazionalari neronek eskatu nion, bere garaian argitzeko.
Hori gezur hutsa da. Ea nor ginen Egunkaria Sortzeneko kideak galdetu
zidaten... Nik ahaztuta ere baneukan. Hamar urte badira bilera edo akziodunen
batzar batera joan ez naizela.
"Nondik atera zen Egunkaria Sortzeneko dirua?" galdetu zidaten.
Azaldu iezazkiozu polizia bati, herri honetan egiten diren ekimenak, eta
jendeak muxu truk dirua nola ematen duen. Pentsatzen zuten adarra jotzen
ari nintzela. Orain hamahiru urteko kontuekin bueltaka ibili beharra,
dementziala da.
Komisariaz zer gogoratzen duzu?
PELLO: Hasieratik, oroitzapen nahasiak
ditut. Bidean asko nahastu nintzen. Ezin nuelako ezer ulertu, eta nire
gaitzaren sentsazioak zirela eta. Pixkanaka ari naiz oroimeneko zuloa
osatzen. Baina esan didate hobe dela ez obsesionatzea, eta lasai hartu
dut kontu hori.
Gela batean sartu ninduten, eta han ohe bat zegoen. Gogoan dut zutik egon
behar zela. Ibiltzen saiatzen nintzen. Ur botilatxo bat neukan han. Gauza
jakina da poliziak haluzinogenoak erabiltzen dituela, baina edan egin
nuen. Nuen beldurrarekin, entzuten ziren gauzekin, egiten zuen hotzarekin...
Egoera kafkianoa sortu zen.
Kontziente naiz, galdeketa labur bat egin zidatela, begiak estalita. Kotxean
egindako galdera berak bota zizkidaten, funtsean. Nik esateko neukana
esan nuen. Esateko dagoen gauza bakarra.
Polizia-Etxean egoera korapilatzen
joan zen...
PELLO: Neure burua estutzen hasi
nintzen. Gero eta min handiagoa neukan, supositorio bat eskatu nuen eta
eurek sartuko zidatela bota zidaten. Desfasatzen hasten zara. Traslado
denak begi estaliekin egiten dira; sekulako parafernalia da dena. Ez dakit
Europako leku denetan nola egiten den. Ez da posible hain gizagabea izatea,
baita behatz markak hartzeko modua ere: begiak itxita eramatea, bi eskutatik
helduta, orain bi eskailera igo, eta gero bi jaitsi... Desorientatzeko
ahalegin nabarmena dago. Polizia teknika batzuen inertzia dela esango
nuke, hortik kanpo ez du beste azalpenik. Egun dauden teknikekin, egiten
diren jarraipenekin, zer axola du preso batek badakien polizia-etxe baten
barruan komona non dagoen!
Hotsak entzuten nituen. Beste atxilotuek torturak salatu dituzte. Batzuk
diote grabazioa zela, eta beste batzuek egiazkoak zirela. Nik entzuten
nuena, behintzat, basapizti koadrila bat builaka zen, lurrean soinua ateratzen,
eta norbait ibiliko balute bezala bueltaka denen artean. Norbait ariko
zirela interrogatzen pentsatu nuen.
Angustia sartzen joan zitzaidan, eta bi une gogoratzen ditut. Bat, nire
ustez Iñaki Uria eramaten zutela antsika, aieneka, edo negarrez.
Ni ez naiz sekula oldarkorra izan, baina oihu egin nion erdaraz: "Iñaki,
jo egin al zaituzte?". Ondoko gelan zegoen beste lekuko batek kontatu
dit, polizia nire gelara sartu zela, eurek ez zutela inor jotzen esanaz.
Nik aurre egin omen nien eta iskanbila sortu omen zen... Ez dakit, ez
dut gogoratzen. Sorpresa ona izan da aurre egin niela jakitea. Jenioa
badaukadala, alegia. Ni normalean mutil txintxo eta koldarra bainaiz halako
egoeratan.
Bestea Inmarena izan zen. Neure onetik atera ninduen entzuten nuenak,
bere emakumetasuna sartzen zelako tartean. Eta ondoan beste norbait sumatzen
nuen, arnasestuka. Luis Goia zen, antza.
Puntu horretara iritsita, desfasatzen hasi nintzen. Komisaldegian dudan
azken oroitzapena da, arrapalada batean atearen kontra jo nuela burua.
Gregorio Marañoneko medikuek esan didate neure buruaz beste egiten
saiatu nintzela. Horrela izango da. Susperketaz ez naiz oroitzen, plantan
nengoenekoaz gogoratzen naiz.
Zeure buruaz beste egitearen
kontua dudan jartzeko modukoa da...
PELLO: Nire gaixotasun bera dutenak
ongi zaintzen ez dituztenean nola gelditzen diren ikusita, badakit lau
hilabeterako kartzelara banoa, non buka dezakedan. Hori jakinda burutik
gauza asko pasatzen dira. Agian erabaki egoista izango da suizidioarena.
Baina umeak umezurtz eta andrea alargun uztea, zer da: kaltea edo mesedea?
Nik uler nezake neure buruaz beste egitera iritsi izana.
Malores, zuek otsailaren 24 eguerdi
aldera izan zenuten lehen berria...
MALORES: Auzitegira goizean iritsi ginen,
bost egun inkomunikatuta pasatu ondoren, deklaratzen ariko zirelakoan.
Bazkaltzen ari ginela, Iñaki Esnaola abokatua etorri zitzaidan,
eta albistea eman zidan: Pello ez omen zegoen Auzitegiko sotoan, Gregorio
Marañon erietxean baizik, bere buruaz beste egiten saiatu zelako.
Eta ondo zegoela.
Nik ulertu nionez, berak kazetari bati entzun zion albistea. Komunikabide
batzuk oso hari zuzena eta azkarra dute Auzitegiarekin. Guk jakiten genituen
albiste gehienak, kazetariek pasatuta jakiten genituen. Lotsagarria da.
Gu eta gure abokatuak ere euren inguruan genbiltzan, baina berria ez zitzaigun
lehenik guri ematen.
Dena utzi, eta Gregorio Marañonera
joan zineten...
MALORES: Harrerara joan, eta ordenagailuan
ari zen langileari galdetu genion Pellogatik. Ordenagailuan datuak sartu,
eta esan zigun: "Ordenagailu honetan ez dago". Pentsa ze tentsio
geneukan! Azaldu genion Auzitegitik gentozela, eta hemen egongo zela esango
zigutela. Eta bere erantzuna izan zen: "Ordenagailu honetan ez dagoena,
ez dago erietxe honetan!".
Larritzen hasi nintzen. Hil egin zela ere pasatu zitzaidan burutik. Mila
aldiz erregutu ondoren, azkenean lortu genuen mediku arduradunarekin hitz
egitea. "Ondo dago, baina ezin dizut beste ezer esan", bota
zigun. Nire eskaera bakarra zera izan zen: "esango diozu berari,
etorri egin garela?" eta "ba, hori zertarako" erantzun
zidan. Sutan jarri ninduen, eta bota nion: "bost egun dira etxetik
falta dela, eta pentsatzen dut emaztea eta lagunak hemen gaudela jakiteak
on egingo liokeela". Ez zuen ezer erantzun. Bere buruaz beste egin
izanaren zurrumurruaz galdetu genion. Bere erantzuna izan zen, ezin zigula
ezer baieztatu, ezta ezeztatu ere. Bukaeran, Bego Zuza lagunak halaxe
esan zion: "ondo tratatu, mesedez, e!". "Mesedez!"
esan zigun, "ez jarri gure profesionaltasuna zalantzan!".
Panorama horrekin atera ginen. Gustura entzungo nion medikuari, baietz,
Pellori esango ziola gu han geundela. Niretzat hori garrantzitsua zen,
eta medikuak ez zion jaramonik egin. Bihozgabekeria hutsa iruditu zitzaidan.
Zer kostatzen zitzaion? Horrek zer arau urra lezake?
PELLO: Etikaz asko hitz
egiten dute medikuek, baina dioten bezain etikoak balira, poliziari garbi
utzi behar liokete medikuek, ospitale barruan eurek agintzen dutela. Eta
hori ez da gertatzen. Madrilgo ospitalean, delinkuentziari eta poliziari
lotutako adarrak ekosistema batzuk dira. Ekosistema horretan daude poliziak,
poliziak ezagutzen dituzten erizainak eta medikuak... Horri gehitu behar
zaio, Madril Espainiako hiriburua dela. Askoz lotuago daude denak administrazioarekin.
Han funtzionario asko dago.
MALORES: Epaileak beste
hiru egun luzatu zuen inkomunikazioa, osasunez ez zegoelako adierazpenak
hartzeko moduan. Horrek esan nahi zuen, beste hiru egunez ezingo genuela
bere osasunaren informaziorik jaso.
Malores, nola joan ziren inkomunikazioa
luzatutako hiru egunak?
MALORES: Tentsio batean. Ezin ikusteak
zalantza sortzen zigun. Ondo zegoela baieztatu ziguten, baina ZIUn zegoen.
Beraz, oso ondo ez zen egongo. Eta ospitaleak nori abisatuko zion kontua
okertuko balitz? Guardia Zibilari? Juezari? Familiari ez, behintzat, telefono
zenbaki bat ere ez ziguten eskatu-eta! Eta poliziak nori abisatuko zion,
prentsari? Sekulako beldurra pasatu nuen egun haietan.
Zurekin Madrilen egon zirenek
esaten dute zu zinela lasaitasuna jartzen zuena, iparra markatzen zuena.
MALORES: Sentsazio bakarra neukan: ezin
gaituzte txikitu. Nire familia ez dute hauek hondatuko. Pozik bizi gara,
eta gezur batengatik izorratuko gaituzte hauek? Zer eskubiderekin? Hori
pentsatzeak indarra ematen zidan.
Gainera banekien, ni preso eraman izan banindute, Pellok zeruak eta lurrak
mugituko zituela. Nik ere hainbeste zor diot. Bestalde, banekien ez naizela
oso mugitua. Nahikoa koldarra naiz. Batzutan beldur nintzen, ondo egingo
ote nituen gauzak.
PELLO: Bestetik nik zorte
handia izan dut. ARGIAn sekulako gorabeherak izan ditugu, haserreak, belaunaldiz
aldatu gara, eta pentsa lehengoekin alderatuta orain zer jende ezberdin
gauden. Baina klan, elkarte eta taldeko elkartasun hori, beti horrela
ezagutu dut. Garai batean ongi konpondu ez garen jendea ere, behar izan
denean kezkatuta ibili da, galdezka, zer egin bilatzen.
Pello, 20an atxilotu, eta 27an
bisitatu arte ez duzu garbi oroitzen. Juezaren aurrean deklaratutakoa
gogoratzen duzu?
PELLO: Deklaratu izanaren kontzientzia
badaukat, baina ez dut gogoratzen non eta nola izan zen ere. Maloresek
esandakoaren arabera, ohean deklaratuko nuen... Idatzita eta sinatuta
zer geratu zen da axola duena. Ez dut gogoratzen, baina pentsatzen dut
etengabe esaten nuena deklaratuko nuela. Gezurra dela ETAk ni zuzendari
jarri ninduela. Gezurra dela ETAk Egunkaria Sortzen manipulatu zuela.
Gezurra dela ETAren dirua erabili genuela. Paper horiek lehenago ere agertu
ziren, baina paper horiek gezurra dira.
Argitaratzen denean ez bada horrela, harrituta geratuko naiz. Berrogei
mila ostia emanda deklaratuko banu ni ETAk jarri ninduela, berrogei mila
ostia emanda izango zen. Baina nik badakit gezurra dela hori, eta ez didate
burutik kenduko.
Malores, 27 eguerdian egin zenion
lehen bisita. Baina hori ere ez zen berehalakoan iritsi
MALORES: Marañon Ospitalera epailearen
baimenarekin joan ginen, eta sarrerakoak berriro esan zigun Pello erietxe
horretan ez zegoela. Eta eserita geratu zen. Harrituta utzi ninduen. Funtzionario
hutsa iruditu zitzaidan. Tentsiotik haserrera pasatu ginen.
Ondoren arduradunen bat etorri eta bisitatu genezakeela esan zigun. Orduan
sentitu nuen aurrenekoz gizatasun puntu bat. Erreanimazioko atea ireki
eta zaindari batek besotik heldu ninduen: "Lasai, lokartu egin da,
eta ezin dut esnatu", esan zidan, goxo. "Baina esnatzen ez bada
eta zure bisita onartzen duela sinatzen ez badu, ezingo duzu bisitatu"
segi zuen. "Orduan esnatu ezazu, mesedez!" esan nion. Hainbeste
denbora zain egon eta gero, horixe falta nuen!
Sartu aurretik, lehen aldiz jarri nintzen mediku baten aurrean, eta Pello
nola zegoen azaldu zidan. Pneumonia zuela esan zidanean, aluzinatuta geratu
nintzen. "Honek pasatuko zuen hotza!" pentsatu nuen. Baina pneumonia
arnasterakoan harrapatu zuela esan zidan, Pello tarteren batean konorterik
gabe egon zela (tarte hori suizidioko unearekin lotu zuen) eta konorterik
gabe geratzean, urdaileko osagai kimikoak biriketara igo eta putzu bat
sortzen dutela.
Poliki, baina koadro kliniko hori jada hobetzen ari zela esan zidan, eta
egoera horrek ekar zekizkiokeen ondorio txarrik ez zuela Pellok, ez burmuinean
eta ezta gorputzean ere. Lo zegoela esan zidan. Zozotuta aurkituko nuela
baina lasai egoteko, loaren ondorioz zela. Pellok oso ondo hitz egin eta
arrazoitzen zuela gaineratu zuen, eta modu argi batean kontatu zizkiola
bere gaixotasunaren eta dietaren inguruko kontuak.
Logelan sartu eta zer inpresio
hartu zenuen?
MALORES: Bere aita ikusi izana
iruditu zitzaidan. Aitona bat zirudien. Gelan bi polizia nazional zituen.
Muxu eman nion, "hemen nago. Ekhi eta Itxaso ondo daude". Halako
irribarretxo bat egin zuen, "arindu ederra" esanez bezala. Baina
medikuak esana egia zela ikusi nuen, alegia, lotatik esnatu berritako
zozoaldian zegoela.
Arratsaldean beste 10 minutuko bisita nuen. A zer mejora sumatu niona!
Jada aulkian eserita ikusi nuen. Ekhi eta Itxasorentzat, paperezko ezpain-zapi
batean bertso bat idatzita zuen. Guardiei esan nien seme-alabentzat zela,
baina "ezin duzu ezer atera" esan zidaten. Pellok kontra egin
zien. Poz pixka bat hartu nuen, betiko Pello zen jada. Baina bera ez da
horretaz gogoratzen. "Zer gertatu da eta zein daude atxilotuta?"
galdetu zidan, eta orduan eman nion guztiaren berri.
PELLO: Pribilegiatuak
izan gara. ARGIAtik eta familiatik bi, hiru edo lau pertsona zeuden etengabe
Madrilen. Elkartasun kate bat zegoen antolatuta, eta guk egoerak eskatutako
beharrei aurre egiterik izan dugu (garraio gastuak zirela, alojamendua
zela...). Pribilegiatuak gara.
Isolamenduan, hiesa zuen gaixo bat zegoen, beste bat erdi kaskatua, eta
jakina, gu beste gizarte maila batekoak gara. Hori ospitalean, polizien
eta medikuen eguneroko tratuan ere nabaritzen da, "Buenos dias"
esatean bertan nabaritzen da ezberdintasuna.
MALORES: Dena dela, niri
Marañon kartzela txiki bat iruditu zitzaidan. Guztiz itxia, poliziaz
inguratua, nortasun-agiria erakutsi behar zen, egun batean biluzik jarrita
miatu ninduten... Hori oso mingarria izan zen. Baina tira, hura kartzela
zela pentsatu behar zenuen, eta kito.
Malores, bigarren eguneko bisitan
beste aldaketa bat etorri zen
MALORES: Iñaki Esnaola abokatua
ere nirekin zetorren. Goizeko 10 minutuko bisita horren zain luze egon
ginen. Banan-bana deitzen zuten jendea. Zerrenda osoa pasa zuten eta guk
oraindik zain jarraitzen genuen. Ordubiak-edo baziren. "Oraindik
ez gaituzue deitu" esan genien eta euren erantzuna "ez dagoelako
suspertzeko gelan" izan zen. Berriro betiko egoera. "Nola ez
dagoela suspertzeko gelan? Baina non dago orain?". Bere gelan sartu
eta han ez zegoela ikustean erizainari galdetu genion Pello non zegoen.
Plantara igoa zutela erantzun zigun, besterik ez. Zein plantatan zegoen
ere ez ziguten esan eta bila hasi ginen. Batera eta bestera ibili ondoren,
halako batean iritsi ginen bera zegoen lekura. Abokatuari arratsaldera
arte zain egon gabe utzi zioten sartzen behintzat.
Lehenengo bisitatik azken bisitaraino,
nola ikusten zenuen Pelloren eboluzioa?
MALORES: Pixkanaka hobekuntza bat dago,
bai fisikoa eta bai bestelakoa ere. Hasieran haserrealdi horretan zegoen,
"zer egiten dut hemen? Hau injustizia bat da
", eta kokatu
ezinik zebilen. Baina astea bukatzerako jada irakurtzeko gauzak eskatzen
zituen. Fisikoki nik uste errekuperazioa txukuna izan zela, pneumonia
jada gainditu zuen, oinez ibiltzen ere ikusi nuen
Hobetzen zihoan,
baina beste beldur bat bagenuen: "hurrengo saltoa jada kartzela da!".
Pello, zu gero eta kontzienteagoa
zinen, handik jada kartzelara zindoazela, eta gaitzari kartzelan egin
beharko zeniola aurre?
PELLO: Bai. Eta izatez ospitalean
jada hasia nintzen ariketa fisikoak egiten; lurrean etzanda, edo gela
barruan ibiliaz, edo ahal zen bezala. Poliziek aluzinatzen zuten, baina
tira.
Hala ere, ez dut ahaztu nahi Euskal Herrian hau hiru egunetik behin gertatzen
dela. Eta ez dut imajinatu ere egin nahi zer gertatzen den Barandalla
batekin. Ez dut imajinatu ere egin nahi!
Malores, horrela iritsi zen ospitaleko
azken bisita, ostiralean
MALORES: Ospitalera joan, nortasun-agiria
entregatu, eta harrerakoak "itxaron pixka bat
" bota zuen.
Bi Guardia Zibil ikusi genituen etortzen eta susmo txarra hartu genion.
Justu gu gelan sartzera gindoazela, gure muturren aurrean zeramaten Pello.
Albotik pasatzen ari zen, bertan nuen Pello, eta Guardia Zibilei bost
minutu eskatu banizkien ere, "ez, ez, jada kartzelara daramagu"
jaso nuen erantzun gisa. Eta begien aurrean ikusten duzu nola daramaten.
PELLO: Eta anbulantzian
sartu ninduten. Horretan ere zortea, ez ninderamaten auto zelular batean.
Hantxe joan nintzen, Tarragonako txofer batekin kontu-kontari, almendrondoak
loretan behar zutela komentatuz.
Horrek esan nahi du animoso zeundela
PELLO: Bai, beste gorputzaldi bat nuen eta gainera ospitalean
jada ohitzen zoaz. Ordurako txanda asko ikusi dituzu pasatzen eta poliziek
aurreneko ordubetean oso garbi uzten dizute nork agintzen duen. Edozein
mugimendu egiterako kontu eske hasten zitzaizkizun eta handik aurrera,
ezer egiterako zerorrek abisatzen zenien. Kokatzen ari nintzen, bai. Baina
aldi berean, Euskal Herriko albisterik ez nuen, eta inkomunikazioa erabatekoa
zen. Kartzelan jakin nuen nik "Egunkaria" itxi egin zutela.
MALORES: Suspertze gelan
zegoela esana nion, baina ez zitzaion gogoan geratuko, eta 28an jabetu
zen. Egunero zerbait kontatzen nion. Baina guretzat ere ez zen erreza.
Nik ez nuen gehiegi bizitzen hemengo mugimendu hori dena. Bai Pellok baina
gehiago, baina ez zuek adina.
Handik kartzelara sartu zintuzten...
PELLO: Ni ez naiz euskal presoekin
eta jendearekin egon. Jenderik marjinatuenen kartzela bizi izan dut. Baina
aldi berean ez zegoen presio handiegirik ere, eta ez naiz kexatzen. Kartzelan
hasieratik eraman ninduten erizaindegi psikiatrikora. Oso heterogeneoa
da: han daude metadona behar dutenak, bere andrea akabatu duen zahar bat,
osasun arazoak dituztenak
denetik.
Txaboloak edo zeldak, lau pertsonakoak dira, eta harrituta gelditu nintzen,
txabolo bakoitzeko arduradunak, beste preso batzuek direla ikusita. Beraz,
oso funtzionario gutxi dago, eta presoek sekulako ardura daukate. Kartzelan
pasatu dudan denboran Kolonbiako preso bat izan dut arduradun, esaterako.
Ondoan errumaniar bat zegoen eta harantzago mexikar bat.
Jende horrek humanoki ere hunkitu
egin zaitu...
PELLO: Guk kontuan hartzen ez dugun
munduaren zati bat ezagutu dut. Eta jada ez naiz ari euskal preso politikoez,
presondegiez ari naiz. Bakoitzak gure istorioa genuen. Baziren lo egiteko
botika mordoa behar zutenak. Baziren goizean seietan jaiki, eta esnatzeko
ordubete behar zutenak. Ordubete hori txorakeriak esaten eta egiten pasatzen
zuten. Jende paranoiko samarra ezagutu dut
denetik.
Soto del Realen ere ikusten da Espainiak inmigrazioarekin-eta daukan arazoa.
Han daude Espainiarako sarrera erraza dela sinistu dutelako, koka poltsan
hartuta Hego Amerikatik etorri direnak. Sikarioen mundu guztia ere hor
dago, ipar-afrikarren mundua, hinduak
Madril hiria bera ere horrelakoa
da momentu honetan, Europa osoa bezala.
Zer harreman eduki duzu jende
horrekin?
PELLO: Oso ona. Egunero 2 km egiten
nituen oinez, 25 metroko korridore batean joan-etorrika. Beti neukan norbait
laguntzeko, eta elkarri gure gauzak kontatzen genizkion. Beste batzuekin
aupa esan eta ez dut bestelako harremanik izan... Han bakoitzak zeukan
bere arazoa, bakoitza berera zihoan. Nik uste oharkabean pasatu naizela.
Nik ez nuen ezer erakusteko, nik han ikasi egin dut. Nire txaboloko 63
urteko aitonak lezio asko eman zitzakeen, eta Kolonbiatik etorri eta hemen
ez egitekoren bat eginda preso zegoen gizonak ere bai.
Zein erabaki hartu zenituen zure
osasunarekiko
PELLO: Nik almidoirik gabeko dieta eramaten dut. Dieta hori teoria
bati loturik dago, eta baita gaixotasuna sufritzen dugun jende askok frogatu
dugunari ere. Alegia, daukagun arazo genetiko eta inmunologikoez gain,
faktore eragile bat bakteria bat dela. Almidoirik gabeko dieta berezi
horrekin bakteria hori goseak edukitzen duzu eta asko mugatzen da bere
eragina. Bakteria horrek heste lodi guztia kolonizatzen badu, bakteriaren
hondakinak odol eta nerbio sistemetara pasatzen dira. Ondorioz, sistema
inmunologikoak eraso egiten du, alergiatzat jotzen duelako. Beraz, bakteria
hori goseak edukita, askoz arrisku gutxiago daukagu.
Bestalde, arazoa bakteria bat baldin bada, antibiotikoak
ere izan daitezke konponbidea.
Kontua da, hau guztia bat datorrela nik pneumoniarekin antibiotiko tratamendu
bat jaso izanarekin, eta barauarekin. Barauaren eraginez, jan ez eta ur
asko edaten nuenez, oso hidratatuta nengoen eta hesteak sekulako lasaitua
hartu zuen. Eta momentu batean zalantza eduki nuen, kartzelan baraualdia
hasi edo ez. "Hemen nagok kulparik gabe, eta ez diat jango, ea zer
gertatzen den". Baina ezin nuen neurtu ez kanpoan ez barruan zer
zegoen. Maloresek konbentzitu egin ninduen astakeriarik ez egiteko, dagoeneko
nahikoa argal banengoela-eta. Ez nintzen kontziente argal nengoenik. Nahiko
ondo ikusten nuen neure burua.
Zer baldintzetan egon zarete?
PELLO: Politikariek 15 egun pasa behar lituzkete bertan, gauza
bakoitza gizatasunik gabe egiten dela ikusteko: menutik hasi eta beste
gauza guztietaraino. Norbaitek jateko arazoak baditu, eta 10 minututan
jan behar bada, edo botikekin berezitasunik txikiena behar badu, eta botikak
ematen dituena bi egunetik behin aldatzen badute, edo dieta berezia behar
baduzu eta denentzat menu bera badago
Hor ez dago ñabardurentzat
lekurik, Soto del Real 2.000 pertsona pilatuta dauden gaztelu bat da,
funtzionario gutxirekin, eta protokolo oso gogorrekin.
Ikusi besterik ez dago Gregorio Marañon Ospitalean zenbat diru
gastatzen duten gaixo bakoitzeko arreta eta otorduetan, eta kartzelan,
berriz, zein gutxi gastatzen duten pertsonako menuan, medikuetan eta zaintzan.
Ez da posible pertsona baldintza horietan edukitzea. Eta ez naiz pertsona
idiliko eta gizajo horietaz hizketan ari. Ez, hor denetik dago. Bere emaztea
mailukada batekin akabatu duen 82 urteko agure bat topa dezakezu bertan.
Ez gara mundu idiliko batetaz ari, baina ez da posible hain inhumanoak
izatea, ez da posible Estatu batek mundu hori hain baztertuta edukitzea.
Eta eskerrak Soto del Real kartzela oso modernoa den!
Mundu horretan kokatzen ari zarela,
paper bat iristen zaizu, eta libre jartzen zaituzte
PELLO: Denbora kontatzen hasi nintzen,
eta preso batek abisatu zidan "hik egin ezak kontu bihar bederatziak
arte ez haizela aterako hemendik. Egon hadi lasai". Pentsa inhumanitatea
noraino iristen den: fidantzaren notifikazioa arratsaldeko seietan hartu
nuen, eta etxera telefono dei bat egiteko eskubidea nuen. Baina hitz egindakoa
grabatzeko magnetofoia falta zela, eta ezin omen dugunez magnetofoirik
gabe hitz egin, etxera deitu gabe geratu nintzen. Orduan pentsatu behar
duzu, esaterako, Iñaki Esnaolari ez zitzaiola faxeko papera bukatuko,
eta notifikazioa hartuko zuela.
Hango jendea, batetik, asko pozten da bazoazelako, eta bestetik triste
jartzen da. Norbait joaten ikustea, zu oraindik han zauden seinale baita.
Nik, txabolokoei bakarrik esan nien banindoala, ez beste inori. Ez nuen
barrenik izan. "Zubiria, salga a la puerta", deitu nindutenean,
ez ezkerretara eta ez eskuinetara begiratu gabe, martxa. Zer esan behar
diozu han ezagutu duzun 24 urteko Jaengo mutiko bati? Bazoazela? Askoz
hobe ezer ez esanda.
Eta egun osoan zain egon ondoren,
pasilloan agertzen da Pello.
MALORES: Hala ere, azken momentura arte,
ikusi eta ukitu arte, zalantza bat nuen barruan: "kasualitatez zerbait
gertatu baldin bada, igual atzera botako dute erabakia, edo auskalo zer
gertatu daitekeen!".
PELLO: Nik Malores eta
anaia espero nituen. Eta atarian tribu guztia aurkitu nuen zain. "Telebistak
zer egiten du hemen?" pentsatu nuen. Pixkanaka jabetu naiz euskal
medio guztiek nola jarraitu duten gure kasua. Ordura arte basamortuan
egon nintzen. Ez dut ia ezeren berri izan.
Oraindik ez omen duzu onartuko
Egunkaria itxita dagoenik...
PELLO: "Egunkaria" suspendituta
dago, baina ezin du itxita egon. Frogatu bedi frogatu behar dena, baina
badakizue zenbat esfortzu dagoen hor sartuta? Eta ez naiz nigatik ari.
Hor jende pilak egin du berebiziko esfortzua, bai azpiegitura sortzen,
pabilioiak lortzen, azpiegitura informatikoa antolatzen, estilo liburua
egiten, kazetariak ateratzen, izen komertziala indartzen
eta hori
dena, juez batek esan duelako akabo? Sekulako beldurra ematen dit. Ez
baita halako gauza bat gertatzen den lehen aldia. Eta hurrengoan beste
gauza bat ixten badute, berriz ere zerotik hasi beharko al dugu? Euskal
Herriak ez dauka hainbeste baliabide. Ez da posible.
Ez dut esan nahi gaizki iruditzen zaizkidanik hartu diren erabakiak. Zailtasun
guzti horien gainetik nola erreakzionatu duten ikustea, eta "Egunero"
martxan jartzea, txapela kentzeko modukoa da, eta ni horiekin nago. Baina
"Egunkaria" ireki egin behar da. Hor sekulako patrimonioa sartu
dugu, denok. Patrimonio horretan dago izerdia, lana, kultura bat, eta
printzipio batzuk.
Nola egin zinen zu zuzendari?
PELLO: Badakit zergatik izan nintzen
zuzendari. Asanblada moduan hartzen ziren erabakiak garai hartan "Egunkaria"n.
Beste jende bat ez zen zuzendari ardura hartzeko prest agertu, eta momentu
hartan Argian genbiltzan taldetik gehien nabarmentzen zena ni nintzenez,
zuzendari egin nintzen, eta ez beste ezergatik.
Arazo politikoa nola ikusten
duzu?
PELLO: Espainolek Lizarra-Garaziren
ondoren, orrialde bat pasa dute. Zer gertatzen da? Euskaldunak garela
huts egiten ari garenak. Su-etenarekin eta Lizarra-Garazirekin, orrialdea
pasatu genuela uste genuen, baina ez dugu horrela egin. Eta garbi esaten
dut, ez naiz inori errurik botatzen ari.
Eta zer da orrialdea pasatzea?
PELLO: Eurek ematen digute guri
pista: haientzat Ibarretxe, Otegi, Madrazo, Garaikoetxea, Larreina, ARGIA,
"Egunkaria", "Gara", Euskadi Irratia
denak berdinak
gara. Nik badakit ez garela berdinak, baina izan gaitezen haiek pentsatzen
duten neurri berean berdinak. Esango nuke gainera, espainiarrentzat Gemma
Zabaleta, Odon Elorza, eta Maragallen lagun guztiak ere guregandik hurbil
daudela, gutakoak direla. Haiek logika horrekin ari zaizkigu gu zanpatzen,
eta logika hori ulertzen ez duten bakarrak gu gara!
Operazio hau ezberdina izan da, eta dirudienez, urtebete eta gehiago zeramaten
prestatzen. Orain hamar urte esan "Egunkaria" itxiko zutela,
eta gainera hori Jaurlaritzaren kontrako eraso bat izango zela, eta ezingo
genituzke hariak lotu. Haiek zaku berean sartu dute dena. Haiek bide hori
dena egin dute, eta guk, berriz, hauteskundeen ataritan betikoan gaudela
ikusten dugu.
Aldi berean, Maloresek kontatzen didanean zer jende ezberdin ikusi zuen
"Egunkaria"ren aldeko manifestazioan, ikusten da jendeak eskatzen
duela beste egoera batera pasatzea.
Lizarra-Garaziko hartan frakasatu egin genuen. Baina bi, hiru edo hamabosgarren
aldiz saiatu behar da.
Nik, adibidez, 62 urteko gizon horrekin -presoarekin- dezente hitz egiten
nuen. Oso gizon argia da, oso interesantea. Berak gauzen ikuspegi konspiratzailea
zeukan, gure alde jarriz. Baina zera komentatzen genuen: entzuten duzu
irratia, eta ETAri dagokionez, badirudi 1982an gaudela. Badirudi urtero
100 edo 200 hildako daudela, eta konboiak erasotzen direla; eta badirudi
Lemoizen sartu eta jo ta erdiko turbina lehertu dela
Eta ez, Andoainen
udaltzainen burua erail dute tabernan, horixe da egin dena. Orria pasatu
egin behar dugu.
Zer duzu euskal presoez esateko?
PELLO: Ni kapaz izan banaiz burua
galtzeko, erdi-ezagun izanda, jakinda ez nautela gehiegi estutuko
18 urte han daramatzatenak, nola daude? Eta ez gara kapaz 18 urtean han
dagoena hona ekartzeko, Barandalla etxera ekartzeko? Denok daukagu autokritika
egin beharra, eta lehenbailehen ekarri beharra.
Preso nengoela, neska bat entzun nuen euskal azentuaz erdaraz. "Euskalduna
al zara?", nik, eta besteak baietz, eta besarkatu, eta atzetik beste
sei edo zazpi neska euskaldun tokatu ziren elkarren segidan. Gero, gelakide
nuen 63 urteko aitona horri esaten nion: ikusi egin behar zenituen sei
neska horiek. Horiek ez zeukaten antzik ez hemen garbiketan ikusten ditugun
emakume hauekin, ez beste pabilioian oihuka ikusten ditugunekin, ez inorekin.
Horiek beste pertsona klase batzuk dira. Ezin dute hor egon. Beste aldetik,
askok esango du inor ezin dela tiroz hil. Hitz egin behar duenak hitz
egin dezala garbi, hartu ditzala hartu beharreko erabakiak, baina ez gaitezen
beti kaka berdinarekin ibili.
Eta nire kasuan berdina gertatzen zait: berriz ere, orain dela 13 urteko
paper horiekin bueltaka ibili behar! Ea argitzen ditugun behingoz paper
zikin horiek, bota ditzagun sutara, eta historiak izango du denbora frogatzeko
nork duen arrazoi eta nork ez.
Nola pasatzen da orrialdea?
PELLO: Klabeetako bat pertsonak
aldatzea da. Politikoei pista hori eman nahi diet ARGIAtik: askotan, erditik
kendu egin behar dute batzuek, beste batzuek ateratzeko. Ni gaixotzea
ondo etorri da ARGIAn beste jende bat mugitzeko. Egin dezagun denek berdin!
Ez gaitezen beti berdinak egon! Utzi fresko datozen beste batzuei, ea
lortzen duten.
Ni ez naiz Ibarretxeren lehengusua baina EAJk egin du aldaketa bat. Gaur
egun Ibarretxe ez da Ardanza eta Madrilen hori badakite. Ni orain ez naiz
sartuko esatera Ibarretxek zer egingo duen eta noraino iritsiko den baina
halako sinbolotan ulertzen dut dena. Gauza guztiei dagokienez gainera.
Iparraldean ere asmatu dute orrialdea pasatzen. Barruan sekulako nahasmena
eta iskanbilak ibiliko dituzte, baina alderdi ezberdinak departamentuaren
alde jartzea lortu dute.
Testuak: Xabier Letona/ Estitxu Eizagirre
/Ixiar Eizagirre Argazkiak: Alberto Elosegi
|