EGUNKARIAREN ITXIERA

ARGIAKO LAN TALDEAREN PRENTSA OHARRA PELLO ZUBIRIAREN EGOERARI BURUZ

ARGIAko lankideok Pelloren senide eta lagunengandik jakin ahal izan dugunez, atzo (26) gaueko 23:15 aldera deklaratu zuen Pello Zubiriak Juan del Olmo epailearen aurrean. 01:00ean kaleratutako autoak dioenez baldintzarik gabeko espetxe zigorra jarri dio Pellori Juan del Olmo epaileak. Beraz, medikuek alta eman ostean espetxera eramango dute.


Malores Etxeberria, Pelloren emaztea, Audientzia Nazionalean da ateak noiz irekiko zain, ospitalera Pello ikustera joateko baimena eskuratzeko, Pellori inkomunikazioa altxatu baitiote.


Edonola ere, ARGIAko lankideon ustetan, susmagarria da deklaratu eta espetxe zigorra jaso ostean, Pellok oraindik ospitalean jarraitzea. Hori, komisaldegian zerbait larria gertatu denaren adierazgarri dela uste dugu.

Are gehiago, gainerako atxilotuak egiten ari diren salaketak entzun ondoren eta bereziki atxilotu desberdinak Pellori komisaldegian entzundakoak zeintzuk diren kontuan hartu ondoren. Besteak beste, Pellok berak "hil nazazue behingoz, barrabilik baldin baduzue" esan zuela entzun ondoren.

Espetxeratzeko agindua jasota duen arren, gure ustez eginahalak egin behar dira Pello Zubiria ospitaletik espetxera eraman ez dezaten, horrek jadanik larriak diren ondorioak larriagotu baititzake.

Jakin badakigu euskal instituzio desberdinetatik eginahalak egiten ari direla Pello espetxera joan ez dadin, baina berriro eskatzen diegu euskal instituzio eta agintariei ahalegin horretan indar berezia jar dezatela datozen orduetan.

Lasarte-Oria 2003ko otsailaren 27an