EGUNKARIAREN ITXIERA

ARGIAKO LANGILEEN AGIRIA

ARGIA astekariko langileek, berriro ere,"Euskaldunon Egunkaria"ren itxiera salatu nahi dugu eta bertako langileen egoerarekiko kezka azaldu.
Une gogor hauetan, "Egunero" egunkari berriari ongi etorria eman eta berau plazaratu dutelako gure poza eta zorionik beroenak adierazi nahi ditugu, egunero euskaraz informazioa jasotzeko aukera eskaintzen jarraitzegatik, eta euskaldunon ahotsa isilduarazi nahi dutenei hitzarekin erantzuteagatik. Euskal gizarteari eguneroko euskal prentsaren alde bere laguntza guztia eman dezan dei egiten diogu.

Halaber, atzoko operazioan atxilotutako 10 pertsonekiko eta haien senideekiko gure elkartasuna berresten dugu eta haien berehalako askatasuna eskatzen dugu. Pello Zubiria lankidearen osasun egoera dela eta, berriro azpimarratu nahi dugu etengabeko tratamendua behar duela eta biziki arduratuta gaudela bizi dezakeen egoeragatik.

Halaber, atzoko operazioaren ondoren, euskal gizarteko hainbat esparrutatik, nahiz kanpotik, eta bereziki Kataluniako prentsatik, jasotako elkartasuna bihotzez eskertu nahi dugu.

Horregatik guztiagatik, gure irakurle eta harpidedunei, eta oro har, euskal gizarte osoari bihar, otsailak 22, arratsaldeko 17:00etan Donostian burutuko den manifestaziora joan daitezen, eta aurrerantzean sor daitezkeen ekimen guztietan parte har dezaten dei egiten diegu.

ARGIAKO LANGILEAK