Naziek okupatutako Amsterdamen greba orokorra egin zuten juduen pogrom eta deportazioak salatzeko. Legez kanpo zegoen Herbeheretako Alderdi Komunistak aurreko egunean deituta, 300.000 bat lagun batu ziren grebak iraun zuen bi egunetan. Okupatutako Europako nazien aurkako lehen ekintzatzat hartzen da “Otsaileko Greba”.
Naziek Herbehereak okupatu zituztenetik, eskubide murrizketak ezartzen ari ziren juduei, eta Herbehereetako Mugimendu Nazionalsozialistako kideei (1931n sortua eta inbasioaren ondorengo legezko alderdi bakarra) karta zuria emana zieten era guztietako basakeriak egin zitzaten. Batzuetan, konfrontamentuak izan zituzten ezkerreko militanteek eta gazte juduek osatutako autodefentsa-taldeekin.
Egoera pixkanaka degradatuz joan zen, eta otsailaren 22-23ko asteburuan, alemanek 20 eta 35 urte bitarteko 425 judu atxilotu zituzten. Pertsona horiek Buchenwald eta Mauthausen-eko kontzentrazio-eremuetara bidali zituzten eta bi bakarrik aterako ziren bizirik.
Gauzak horrela, hilaren 24an egindako batzar herrikoi batean, greba orokorra egitea erabaki zuten, juduen jazarpenaren eta Alemanian egin arazten zieten lan behartuaren aurka, eta Herbehereen subiranotasunaren alde. Jendea martxan jarri zen eta, komunisten rol nabarmenarekin, parora deituz manifestu bat banatu zuten gau hartan. Hilaren 25ean grebarekin bat egin zuten lehenak tranbietako langileak izan ziren, eta horrek, zalantzarik gabe, ekimena zabaltzen eta hiria geldiarazten lagundu zuen. Portuko langileek ere bat egin zuten grebarekin, eta horiei funtzionarioak, merkatariak eta mota guztietako langileak gehitu zitzaizkien. Mugimendua beste herri batzuetara zabaldu zen, hala nola Zaanstad, Kennemerland, Bussum, Hilversum eta Utrechtera, eta, bitartean, naziek ez zuten jakin nola erreakzionatu, ustekabean harrapatu baitzituzten.
Hurrengo egunean, hilaren 26an, grebak aurrera jarraitu zuen, baina agintari naziek neurriak hartu eta SSko bi erregimentu eta Alemaniako poliziaren batailoi bat bidali zituzten Amsterdamera. Protestak gogor erreprimitu zituzten eta egitazko balak tiro egitera iritsi ziren. Lau grebalari fusilatu zituzten, eta 22 kartzela-zigorretara kondenatu zituzten mendeku gisa; hiria, berriz, alemanei “konpentsazio” bat ordaintzera behartu zuten.
Hilaren 27an, lanera itzuli zen Amsterdam hiria, baina ez herritarrek, nazismoari aurre egin izanaz harro, ez naziek, ez zuten ahaztu kolektiboaren indarra.