Milioi erdi bat langilek Italia osoan fabrikak okupatu zituzten, bereziki iparraldean. Turin hiriko Fiaten piztu zen metxa abuztuan, langileek lantokiaren kontrola eskuratu eta fabrikako kontseilua antolatu zutenean.
Garai hartan hiri hau Europako auto ekoizle nagusietakoa zen, eta Italia osoko langile klase kontzientziatuenetakoa zeukan. Hiriko gainontzeko fabriketara zabaldu zen langileen ekimena, ondoren Piamonte eskualdera eta gero Lombardiara.
Kontseilu hauek arduratzen ziren lantokien kudeaketaz, izan produkzioa edo pertsonal teknikoa, Errusiako soviet-ak eredu hartuta. Egun honetan Biennio rosso (Biurte Gorria) gisa ezagutzen den prozesua puntu gorenera iritsi ziren.
Autore ezezaguneko argazki honetan, “Guardia gorri” talde bat ikus daiteke. Talde hauen funtzioa zen langileen kontseiluek okupatutako fabrikak babestea.