Michelle Angiolillo kazetari eta anarkista hil zuten Bergarako kartzelan garrotez. Egun batzuk lehenago Canovas del Castillo Espainiako gobernuburua hil zuen Arrasateko bainu-etxean Montjuïceko prozesuan torturatu eta exekutatutako anarkistak mendekatu nahi izan zituela adierazi zuen hil aurretik.
Egun, Bergarako kartzela gaztetxea da, eta Angiolillo preso egon zen zelda da bere izena daraman liburutegia.
Hil aurretik, apaiz bat anarkista gaztearengana hurbildu zen Jainkoarekin bakeak egin eta kristau bezala hil zedin. Angiolillok antzarak ferratzera bidali zuen.
Exekuzioa ikusi zuten lekukoek kontatu dutenez, Rafael Salillas Huescako antropologoak kasu, Angiolilloren azken hitza “Germinal!” izan zen, nolabait, “sortuko dira besteak” esan nahian.
Exekuzioaren argazkia da goikoa.
Mikel Zubimendi, Angiolillo, el Anarquista que mató a Cánovas: Mi vida por la tuya (7K, 2020ko otsailak 2).