argia.eus
INPRIMATU
Londres behe-laino hilgarri batek hartu zuen eta milaka hil ziren egun gutxian

Londres behe-laino hilgarri batek hartu zuen. Hiria sulfuro dioxido kopuru altua zuen ke batez estali zen, hotzetik babesteko erabilitako kalitate kaskarreko erregaien ondorioz.

Great Smog edo Laino Handiak bost egun iraun zuen, abenduaren 5etik 9ra. Handik egun gutxira osasun zerbitzuek bildutako datuak izutzeko modukoak ziren: 4.000 pertsona hilda ziren ordurako, gehienak haur txikiak edo aurrez arnasketa arazoak zituzten helduak, batez ere arnas aparatuko infekzioek –bronkopneumoniak eta bronkitis akutuak– eta arnasbideen buxadurak jota.

Hurrengo hilabeteetan beste 8.000 lagun hil ziren laino beltzaren ondorioz, eta 100.000 gaixotu. Laino Handiak kutsadura atmosferikoaren eztabaida piztu zuen, eta handik gutxira airearen kutsadura murrizten ahalegintzeko lehen araudiak jarri ziren indarrean.

Nagore Irazustabarrena, 1952ko laino hilgarria (ARGIA)