argia.eus
INPRIMATU
Lezo Urreiztieta hil zen Baionan

Lezo Urreiztieta hil zen Baionan. 1907an Santurtzin jaioa, gazte hasi zen kontrabandoan, aitaren ontzian. Ezagutza horiek baliatu zituen 1934ko Urriko Iraultzako 826 iheslari Asturiasetik Lapurdira eramateko. EAJtik bereizitako Jagi-Jagi talde abertzaleko kide izan zen. 1936ko Gerran, Bilboko portuko blokeo frankista hamalau aldiz gainditu eta milaka arma sartu zituen euskal antifaxistentzat. Guda galduta, erbestean, Franco hiltzeko hainbat plan saiatu zituen. 1948an Asturiasko maki talde bat salbatu zuen, bere bizitza arriskatuta, beren bila Asturiasera joan eta Lapurdira ekarrita. Euskal Herri askearen itxaropena galduta, inor bizi ez zen Mexikoko Guadalupe irlan Euzkadi Berria eratzea proposatu zuen. Mexikoko presidentearekin biltzera iritsi zen, baina proiektuak ez zuen aurrera egin. Jainkoak ez dit barkatzen dokumentala berari buruzkoa da.

Iturria: Nagore Irazustabarrena Uranga, Lezo Urreiztietak egin ez zuena (ARGIA, 2018ko azaroak 11).