argia.eus
INPRIMATU
Iparretarrak erakunde armatuko Maddi Hegi eta Gabi Mouescak espetxetik ihes egin zuten

Iparretarrak erakunde armatuko bi militantek Pau-eko espetxetik ihes egin zuten hainbat ekintzailek prestatutako planaren ondorioz: Maddi Hegi eta Gabi Mouesca. Espetxe aldaketa bat irudikatuz, militarrez mozorroturik ziren IK-ko militante batzuek protokoloaren arabera jokatu eta espetxeko ate nagusitik atera ziren. Ipar Euskal Herriko erakunde armatua oso ezagun egin zen Frantziako Estatuan ekintza honen ondorioz. Ihes egindako bi kideak klandestinitatera itzuli ziren eta prentsaurrekoa eman zuten ihes egin zutela aldarrikatuz.

Honela kontatzen du Gabi Mouescak ‘Lepogogorra’ liburuan:

IK-ko militante talde bat sartzen da espetxeko zuzendariaren alabaren etxean eta bere aita presondegira deitzea galdegiten diote, arazo bat aipatuz aitzaki, Paueko hirian duen bere etxebizitzara etorrarazteko gisan. Aita, dei horrek kezkaturik, alabaren etxera ziztu bizian joaten da, han, aurpegia estalia duen gizon bat aurkitzeko. Erreflexuzko jestu batez, lehenik parean duen gizonari eskuko arma kentzen entseatzen da.

Sorpresak harturik, militanteak ez du deus egiten ahal eta, funtzionarioari buruan kolpe idor bat emateko beste aukerarik ez dio uzten beste bati. Hau izan da operazioaren bortizkeria egintza bakarra.

Jazarraldi buelta horren ondotik, egoera luzaz azaltzen zaio. Presondegiko zuzendariak laster ulertzen du haren seguritatea eta haren alabarena zuzenki ihesaldiaren arrakastari lotua dela. Militanteek lortzen dute orduan aktiboki parte har dezan bere ardurapean dauden IK-ko bi militanteen libratzean. Haren laguntzarik gabe kausituko ez genukeen operazioaren gidoiaren zuzenketa bat edo bi ekartzen ditu ere. Xehetasunak ematen dizkie komandoko kideei lekualdatze prozedurari buruz, presondegiko langileengan susmorik ez sortzeko. Zenbait ordu berantago, nire zeldako leihotik, GIGN-eko militar faltsuak hurbiltzen ikusten ditut, zuzendaria eta eskoltako buruak gidaturik. Bat batean, ohearen gainean jartzeko beharra sentitzen dut, goitik behera dardarka hasi naizelako, trantze batek nire gorputza harturik. Ohartzen naiz ondoko minutuetan, berriz aske izanen naizela.

Lekualdatzeak segitzen du usaiako prozedurari jarraikiz. Bi funtzionarioek lagundurik, zuzendaria nire zeldako atea irekitzera dator, presondegiz aldatuko nautenez, nire puskak prestatu behar ditudala adierazteko. Haien ondoan, burkide bat ezagutzen dut eskoltaz mozorroturik. Zenbait minutu gelditzen zaizkit, nirekin momentu horretan “chauffoir” delakoa partekatzen duten ETAko militanteak diren lau euskal herritar agurtzeko. Behin grefiertegira heldu ondoren, Maddi agertzen da. Uniformez jantzirik diren gure lagunek dizkigute esku burdinak jartzen. Zaintzen nauenak, diskretuki, hauen giltza ematen dit. Azkenik, eskolta buruari bi presoen kargu agiria izenpetzea eskatzen diote:

Berehala gauzatzen du betebeharra ‘IPARRETARRAK’ handi bat idatziz kaieran. Lekuak gehiegi luzatu gabe husten ditugu. Ohorezko patioko atea irekitzen digun presondegi administrazioko funtzionarioak militarren gisako agurra luzatzen digu, batere ohartu gabe ihesaldi batean hartu duela parte.